Ezin hasierako erritmoari eutsi

Txintxarri 2019ko apirilaren 22a

Artola, gorriz, bolea bat jotzeko zorian, Arteaga begira duela. Argazkia: 21 iguales.

Iñaki Artola sailkatu da buruz buruko txapelketa final zortzirenetara, Arteaga II.ari 22-11 irabazita. Hobeto hasi da lasarteoriatarra, baina Artolak hasierako nerbioak gainetik kendu eta hobeto jokatu du Bastidako pilotalekuan. Alegiarrak Erik Jakarekin neurtuko ditu indarrak hurrengo fasean

Arteaga II.ak kantxa kanpotik ikusi beharko du buruz buruko txapelketa hemendik aurrera. Iñaki Artolaren aurka aritu zen ostiral arratsaldean, Bastidako pilotalekuan (Araba), eta 22-11 galdu zuen. Partidari hobeto ekin zion herritarrak, defentsan sendo eta oparirik egin gabe: 4-7 aurreratu zen. Artolak hasierako nerbioak gainetik kendu eta maila hobea erakutsi zuen gero, ordea. Lasarteoriatarrak, aldiz, ezin izan zion hasierako erritmoari eutsi eta 12-0eko partzial erabakigarria jaso zuen. Saiatu zen aldea murrizten gero, baina alegiarrak ez zion apenas aukerarik eman. Erik Jakarekin neurtuko ditu indarrak Baiko enpresako pilotariak final zortzirenetan. Neurketa hori irabazten duenak Joseba Ezkurdia nafarraren aurka jokatuko du gero.

 Ostiraleko arantzatxoa larunbatean ateratzear geratu zen Arteaga. Mariezkurrena II.arekin bikote eginez, Urrutikoetxea eta Eskirozen aurka aritu ziren Ezkarain, Victorren eta Bakaikoaren arteko neurketaren aurretik. Oso partida orekatua izan zen, 21-21eko markagailura iristeraino. Azkenean, ordea, gorriek egin zuten 22. tantoa eta partida irabazi.