Fededunek Aste Santua ospatu dute herrian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko api. 22a, 16:57
Zenbait herritar animatu ziren Azkorteko ermitaraino joatera. Argazkia: Txema Valles.

Katolizismoak baditu jarraitzaileak Lasarte-Orian. Urtero bezala, Aste Santuko ekintzak ospatu dituzte egunotan. Gurutze Bidean joan dira zenbait Azkorteraino; hori izan da elizetatik at egin duten ekitaldi bakarra

Herriko kaleak ohi baino hutsago egon dira egunotan. Lasarteoriatar askok kanpora joateko eta atseden hartzeko baliatu dituzte jai-egunak. Fededunek, aldiz, Jesusen azken egunak ekarri dituzte gogora hainbat ekitaldiren bitartez. Ostiral goizeko gurutze bidea izan zen elizetatik at egin zuten ekintza bakarra. San Pedro elizakoak ez ziren igo Kalbario bidera, parte hartzen duten pertsona gehienak adinekoak direlako eta zailtasunak dituztelako haraino joateko. Parrokian geratu ziren. Arantzazuko Ama elizakoak aldiz, Juan Luis Murua parrokoak gidatuta, egurrezko gurutzea eskuetan hartu eta Azkorteko ermitara arte joan ziren, eguraldia azken urteetan bezain txarra izan ez zela aprobetxatuz.

 Gurutze bideaz gain, hainbat mezatara joan dira fededunak azken egun hauetan. San Pedro eta Arantzazuko Ama elizetan eta Brigitarren komentuan egin dituzte elizkizunak.