Mendi lasterketen egutegian badira bereziak diren proba batzuk. Giroak eta ibilbideak ematen diete xarma hori, baina, batez ere, antolatzaileek lasterketa mimoz prestatzeak. Berako mendi lasterketak hamabosgarren edizioa bete du asteburu honetan; mendian korri egitea oraindik gutxi batzuen zaletasuna zenean hasi zen bidea egiten. Eta jakin du urte hauetan guztietan izaera horri eusten. Horren adierazgarri da urtero oso epe laburrean agortzen direla dortsalak.
Aurtengo edizioan ere ordezkaritza zabala izan du Lasarte-Oriak. Alde batetik, L-O Trail elkartearen dozena bat kidek lehiatu dute. Eta beste taldeetan edo bakarrik aritzen diren korrikalariak ere izan dira.
Ibon Agirre izan da denetan azkarrena (2:03:28). Beñat Los Arcosek ere oso denbora txukuna egin du (2:05:38). Hauek dira parte hartu duten gainerakoak: Ritxar Marcos (2:12:24), Jon Huici 2:12:35), Xabi Carcedo (2:19:10); Juan Mari Marcos (2:23:56), Javi Olazagoitia 2:28:36), Jose Ramon Mendizabal 2:37), Anabel Eleno (2:41:39), Joseba Iparragirre (2:43:38), Javier Blazquez (2:55:24), Juan Luis de la Mata (3:02:12) eta Ainara Blanco (3:02:12). Sailkapen osoa esteka honetan dago ikusgai: http://pb-organisation.com/resultats/G-LIVE/g-live.html?f=../suivi/BERAKO%20MENDI%20MARATOI%20ERDI%202019.clax
Beratik Manttale gaina igo dute korrikalariek, Ibardinera jaisteko gero. Beste tontor bat gainditu ondoren, Larhunera jo dute. Oso gogorra da azken igoera hori; soka baten laguntzarekin egin behar izaten dituzte azken metroak. Behin gailurra zapalduta, helmugarainoko malda behera azkarra, zazpi kilometrokoa.