Zilarrezko domina izotz-hockeyko Erreginaren kopan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko api. 16a, 09:00
Sumendi taldeak zilarrezko domina eskuratu zuen Erreginaren kopan. Arg.: Espainiako Federazioa

Lorena Zabala herritarraren Sumendi taldea txapeldunorde izan da Erreginaren kopan, Majadahondaren aurka 6-3 galdu ostean

SAD Majadahonda, CHH Txuri Urdin, CD Sumendi eta Valdemoro IT taldeek Erreginaren koparen lauko finala jokatu dute asteburuan Donostiako Txuri Urdin izotz-hockey jauregian. Majadahonda izan da txapeldun eta Sumendik zilarrezko domina eskuratu du. Bertan Lorena Zabala herritarra ari da jolasean.

Sumendik Txuri Urdin taldearen aurka jokatu zuen final erdia larunbatean.  Gasteiztarrek ligako errebantxa hartu zuten eta 1-3 irabazi zioten etxeko taldeari.

Nagusi izan ziren gasteiztarrak. Lehen zatian aurreratu ziren markagailuan eta hirugarrenaren hasieran bigarren gola lortu zuten. Donostiarrek gola egin eta errenta txikitu zuen. Baina partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela Sumendik hirugarren gola egin zuen.

Igandean, Lorena Zabalak Majadahonda ligako txapeldunaren aurka jokatu zuten finala.

Madrilgo taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik. Lehen zatian hiru gol sartu zituzten majadahondatarrek. Bigarren zatian ere gasteiztarrek ezin izan zuten atea zulatu. Madrildarrek aldiz laugarrena egin zuten. Hirugarren zatian, partida erabakita uzten zuen bosgarren gola egin zuen Majadahondak. Sumendik ez zuen amore eman eta lehen gola lortu zuen. Madrilgo taldeak ederki erantzun zuen eta seigarren gola egin zuen. Gasteiztarrek beste bi gol egitea lortu zuten baina ez zegoen zer eginik  6-3 irabazi zuen Majadahondak.