Apirilaren 11an,Hipodromoko aparkalekuan Donostiako Udalak belar-hockey pista bat eraikiko duela argitaratu zen komunikabideetan. Lasarte-Oriako EH Bilduk honen harira bere ezinegona agertu du prentsa-ohar bidez.
Oharrean Donostiako udalaren jarrera desegokia dela deritzo EH Bilduk. “EAJ-k eta PSOE-k gobernatzen duten Donostiako Udalak, nagusikeriaz eta gure udalerriak dituen beharrak kontutan hartu gabe, Lasarte-Oriaren ondoko lurrak erabili nahi ditu bere interes propioetan soil-soilik.”
Herriko EH Bilduren ustez, Donostiako Udaleko EAJ-k eta PSOE-k beraien atzeko patioaren gisa erabiltzen dituzte Zubietako lurrak, Lasarte-Orian izango duten eragina kontua izan gabe. Izan ere, bertan hainbat proiektu handi aurreikusi baitituzte. “Horren adibideak dira erraustegia, kartzela, kuartela agian, edota poligono industrial handi bat”.
Donostiako Udalari proiektuaren berrazterketa eskatzen dio. Bi herrien interesei erantzungo dien proiektu berri bat elkarlanean egiteko aukera ere proposatzen du EH Bilduk.
Era berean, Lasarte-Oriako PSE-EE eta EAJ alderdien pasibotasuna salatu du. “Ez dugu ulertzen nola alderdi horiek babesten dituzten gure herriaren kontra egiten dituzten abusuak”.