Nazioarteko dantzaren eguna ospatuko du Kukukak maiatzaren 1ean

Txintxarri 2019ko api. 15a, 12:53

Herrian barrena desfilea egin ondoren hasiko dute ikuskizuna, eguerdian. Semblante Andaluz, Erketzek eta Plaza Dantzak parte hartuko dute.

Herriko dantzazale guztientzat ospakizun eguna da apirilaren 27a, baina agenda arazoak direla eta, aurten maiatzaren 1ean egingo dute jaialdia Lasarte-Orian. Zazpigarren urtez antolatuko du Kukuka Dantza Eta Antzerki Eskolak egun hori, udalaren laguntzarekin. Herriari begira sortutako elkartea da Kukuka, antolatzaileek oroitarazi dutenez, eta horregatik, herriko beste elkarteak ere gonbidatu dituzte egun berezi hori elkarrekin ospatzera. Honenbestez, Erketz EDT, Semblante Andaluz eta Plaza Dantza elkarteek bat egingo dute. Amaia Gonzalez dantzariarekin ere harremanetan jarri dira, baina ezingo du parte hartu. 

Goizean hartuko ditu dantzak herriko kaleak. Desfile txiki bat egingo dute hasieran, eta ondoren, eguerdian hasiko da ikuskizuna. Dantzaren aldeko manifestua irakurriko dute gero. Urtero, nazioarteko koreografo batek egiten du. Plaza Dantza dantzatuz amaituko dute eguna. Euria eginez gero, beste toki batean egingo lukete jaialdia.