Ezin zitekeen gehiago eskatu. Jai giroko ostirala Lasarte-Orian, zerua oskarbi, eta kalean egoteko giro aparta. Zubietatik iritsi da Lasarte-Oriara 21. Korrika, 15:30ean, egun argiz. Herriko lehen kilometroak Ttakun euskara elkarteak egin ditu. Udako Txokoetako begiraleek eta koordinatzaileek eraman dute lekukoa Hipodromo etorbideetik gora. Elkarteak erabaki du haiek izatea Ttakuneko ordezkariak Korrikan, haurrentzako aisialdiak euskara sustatzeko duen garrantzia aitortzeko, eta langile horien konpromisoa eskertzeko.
Herriguneko kaleetara iritsi ahala, jendea batzen hasi da. Herriko beste eragile ugarik eraman dute lekukoa: Erketz EDT, Ostadar, LAB, Gurasoen Elkarteak, EH Bildu, udala, Xumela, Argia, Sorgin Jaiak, Zabaleta Auzolan, EAGI..., besteak beste.
Errekalden, Añorgara bidean, utzi diete lekukoa donotiarrei. Gipuzkoatik ibiliko da gaur gauean Korrika, eta Bizkaiara itzuliko da berriro.
https://youtu.be/Y6IWUU3dY9w