Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txikiak izan dira Korrika Txikiari hasiera eman diotenak. Ilusioz hartu dute lekukoa ttipi-ttapa lehen metroak egiteko.
Ikastetxe honetako gazteek hartu dute Ola kaleko errotondan Beheko kalera eginez. Erritmoa jarri diote Sasoetan barrena eta lekuko aldaketa azkarrak izan dira.
Oriarteko gazteek Mirentxu parean hartu dute lekukoa. Donostiako Etorbidea igo ostean, Sasoeta auzoan sartu dira berriro ere. Sasoeta ibilbidetik Oriarte Institutuko Larrekoetxe eraikineruntz egin dute. Goiegiko urbanizazio paretik igaro eta biribilgunean Atsobakar auzora egin dute, bertan Landaberri ikastetxeko txikiak zeuden zain. Atsobakar etorbidean gora eta behera egin dute eta Donostia Etorbidean sartu dira berriro.
Hipodromo Etorbide eta Pablo Mutiozabal arteko bidegurutzean egin dute lekuko aldaketa. Oriarteko institutuko DBH1 eta 2koek hartu dute jarraian. Pintore kalea, Iñigo de Loiola kalea eta Geltoki kaletik Hipodromo etorbideko eta Uistin kaleko bidegurutzera. Bizkor joan dira gazteak eta Landaberri LHko gazteei eman diete lekukoa. Hauek egin dute ibilbideko azken zatia. Uistin kalea, Blas de Lezo kalea eta Geltoki kalea zeharkatu ostean, Okendo plazara iritsi da. Haur eta gazteek plaza bete dute.
Bide osoan zehar guraso, senide eta herritarrek animatu dituzte haur eta gazteak, txikienak batez ere. Ikastetxeetako txikiak edo Haurtzaindegiko haurrak ere kalera atera dira Korrika Txikia ikustera.