Lanpetuta ibiliko dira gaur, ostirala, Euskarako Gazte Batzordeko kideak: Korrika pasako da Lasarte-Oriatik. Aste batzuk daramatzate ekitaldirako prestatzen. Korrika Txikia goizean egingo dute, eta 15:30ean Usurbildik iritsiko da lekukoa Hipodromoko zubira. Baina atseden hartzeko tarterik ez dute edukiko. Makarronada antolatu dute eguna girotzeko; 130 ikaslek indarrak berrituko dituzte pastari esker Okendo plazan.
Bi astean behin elkartu ohi dira DBHko eta batxilergoko ikasleak. Hiru taldetan daude banatuta: DBH1 eta 2; DBH 3 eta 4; eta batxilergoko bi mailak. Ikasturte osoa egin dute horrela, bazkalorduan biltzen, euskararen aldeko ekimenak antolatzeko.
Ttakunenean bilkura
Goizeko eskolak bukatuta, otordua tuper-ean eramanda Ttakunenean dute zita gaztetxoek. 15 minututan jan, eta borobilean biltzen dira, Ttakun Kultur Elkarteko Kuadrillategiko koordinatzaileen gidaritzapean. Autonomoak dira batzordeak, hau da, erabakiak haien kabuz hartzen dituzte ikasleek. Baina euskara elkarteak dinamizatzen du ekimena.
Ikasturte osoan egin dute lan, betiere euskararen aldeko ekimenetan burua jarrita. Euskaraldia egokitu zitzaien kurtso hasieran. Berez, 11 eguneko ariketa soziala 16 urtez gorakoentzako prestatu zuten. Ondorioz, DBHko gaztetxoak kanpoan geratu ziren. Halere, egin zuten Euskaraldia, haien propioa: Gazteon Euskaraldia. Lehenik, txapa lehiaketa antolatu zuten, gero marrazki irabazlea hautatu, eta, azkenik, ariketa haien kabuz egin.
Rol jokoa, euskaraz
Ikastetxeetan jartzeko afixak ere egin dituzte, baita bideoak ere, giroa jartzeko ekitaldiaren aurretik. Batxilergoko ikasleek ekimen berritzaile bat ere egin dute: psikokiller rol jokoan ari dira jokatzen ikasturte osoan. Eskola orduz kanpo aritzen dira, kalean. Jokalari bakoitzak helburu bat du, beste pertsona batenak egitea. Baina horretarako, beharrezkoa da jokalari horrek hitz edo esaldi bat ahoskatzea. Hori da helburua: hitz horiek esateko testuingurua probokatzea. Joko horren atzean xede argia dago: kaleko euskararen erabilera bultzatzea gaztetxoen artean.
Edonola ere, orain makarroi janean dute burua Gazte Batzordeko ikasleek. Beharrezko materiala prestatu, mahaiak eta aulkiak lortu, makarroiak erosi, nola egin antolatu… Eta bitartean, jarraituko dute herria girotzen: euskal zunba prestatu dute bazkalaurretik. Dena auzolanean eta euskaraz.