21. Korrika

"Korrika ideia ero bat da, eta denok parte izatea kristorena da"

Maitane Aldanondo 2019ko api. 12a, 12:00

Ane Labaka Mayoz - Bertsolaria

Lasarte-Oriako kale eta maldetan ahal beste Korrika egiteko prest eta gogotsu dago herritarra. "Harrotasun kolektibo" hori gaur heldu aurretik, Korrika Kulturalaren barruan, 'Ez da kasualitatea' bertso saioan aritu da lasarteoriatarra Ttakunenea elkartean

Hitzekiko lilurak bultzatu zuen bertsolaritzara Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992) 12 urte zituela. Oholtza gaineko bizipenek ateak zabaldu zizkioten feminismoari, eta horri lotuta, umorea aztertu du ere. Bizitza erdia errima eta puntutan igarota, hizkuntza lanabes duela sortzen jarraitzen du hainbat esparrutan.

Korrika iritsiko den egun berean helduko da elkarrizketa hau herriko etxeetara. Non egongo zara zu?
Herrian. Agenda libratu dut eta pozik nago. Hemen egingo dut Korrika, Zubietan hasi eta ea noraino aguantatzen dudan...

Zer da zuretzat Korrika?
Asko mugitzen nau, oso harro sentiarazten nau. Pila bat eragiten dit jendetza dagoenean; baina, batez ere, Nafarroako Erriberan, leku txiki batean lau pertsona bakarrik ikustea, gauez, elurretan… Egunotan bideoak ikusten aritu naiz, negarrez, hunkituta. Harrotasun kolektibo bat da, hemen gaudela esateko, ospatzeko eta aldarrikatzeko modu bat. Ideia ero bat, eta denok parte izatea kristorena da. 

Korrika Kulturalaren barruan Ez da kasualitatea saioa egin zenuten igandean. Nola bizi izan zenuen?
Oso ondo. Jende pila bat egon zen, Ttakunenea beteta, bertso eskolako nire talde batek kantatu zuen... Oso polita izan zen. Ez da kasualitatea kristorena izatera kondenatuta dagoen saioa da. Gai jartzaileak pila bat mimatzen du, kantu kideekin konplizitatea duzu, musikak atmosfera bat sortzen laguntzen du, publikoa oso entregatua dago, lekua… Ekuazio perfektua da, eta besteetan baino exigenteagoak gara gure buruarekin, munduko saiorik onena egin nahi dugu... Urduri nengoen, herrikideen aurrean egitea berezia da, eta oso emozionatuta bukatu nuen.

Bertsozaletasunik ba al da herrian?
Bai. Gazteak ikusten ditut indartsu. Ume eta gaztetxo talde pila bat daude bai Landaberrin bai Oriarten ere; urte batzuk daramatzate gurekin bertsoak lantzen. Antolatzen duzu bertso afari literarioa edo igandeko saioa, eta erantzuna beti da oso ona publikoaren aldetik. Esango nuke euskal kultura nahiko presente dagoela herrian, eta bertsolaritzak bere lekua duela.

Zu 12 urterekin hasi zinen bertsotan. Zerk bultzatu zintuen?
Hitzekiko nuen lilura-edo praktikan jartzeko leku bat zen. Gustatzen zitzaidan idaztea, irakurtzea... Bertso eskolan hasi nintzen, baina poesia eskola bat-edo egon izan balitz, han bukatuko nukeen. Hitzekin jolasteko gogoa zegoen hasieran, orain erakartzen nauena da sentitzen dudala bere txikian balio duela kontzientziak pizteko, eragiteko, gauza batzuk iraultzeko... Kanal bat da nahi ditudan mezuak transmititzeko.

Zer islatu nahi duzue Ez da kasualitatea saioarekin?
Konturatu gara askotan ez bada martxoaren 8a, azaroaren 25a edo horrelako egun puntualak ez daukagula aukerarik elkarrekin kantatzeko. Ez daukagu apenas gunerik esperimentatzeko guk nola kantatu nahi dugu, zeri buruz, zer umore mota egin nahi dugu… Gabezia horri erantzuteko sortu zen, diskurtso feministak pixka bat praktikan jartzeko eta esateko: "Goazen ikustera zer pasatzen den emakumeok gure artean kantatzean".

"Euskal kultura nahiko presente dago herrian,
eta bertsolaritzak bere lekua du"

 

Zuk zeuk feminismoa bertsolaritzaren bidez ezagutu zenuen, ezta?
Bai. Gasteizera joan nintzenean ikastera fase bat izan nuen; pixka bat ezeroso nengoen beste plaza batzuetan bertsotan. Ez nuen oso ondo identifikatzen, eta pentsatzen nuen: "Ez dakit balio dudan honetarako, zer ari naiz hemen?"… Justu orduan emakume bertsolarien topaketa bat antolatu zuten, eta ez dakit oso ondo zergatik, apuntatu, eta joan nintzen. Kristorena izan zen. Une horretan niretzat erreferenteak ziren emakume bertsolariak entzun nituen esaten gabezia hori emakume askok sentitzen genuela. Liberazioa izan zen, ulertu nuelako ez zela niri zegokidan zerbait, baizik eta egitura oso bat zegoela, botere harremanak, genero sistema... Gainera, ikusi nuen bertsolaritzan sortzen ari zirela espazio batzuk horri buelta emateko, eta hor leku bat izan nezakeela. Hortik jorratzen hasi nintzen bertsolaritza eta bizitzara ere eraman nuen.

Eta zer ekarri dio feminismoak zure bertsolaritzari?
Sentitzen dut pila bat ahaldundu naizela jendaurrean. Une horretan sentitzen nuen umorea egiteko kapaz ez nintzela, graziarik ez nuela, gai batzuei buruz ez nekiela kantatzen… Onartzea zure buruari ere beste kode batetik egin daitekeela bertsotan, zalantzatik gehiago; batzuetan zaurgarri agertzea. Klik bat egon zen hor. Iruditzen zait pila bat aberastu nauela bai bertsolari eta bai pertsona bezala.

Umorea aipatu duzu. Bertsolaritzaren umorea genero ikuspegitik landu duzu bi ikerketatan eta Erradikalak gara ikuskizunean. Zer aztertu duzu?
Ikusi nuen umorea bazela gai bat askotan aipatzen zena, baina inork heltzen ez ziona. Horrela esplika dezaket eskolarteko txapelketan hasi nintzenean emakume bertsolari gazteoi egozten zitzaigula ona ginela diskurtsoan, teknikoki, serioan..., eta aldi berean, ez zigutela esaten txarrak ginenik umorezko gaietan, graziarik ez genuela; baina joan ginen pixkana ulertzen esparru bat guri zegokigula eta bestea ez, gure umorezko alderdia mutilatzen. Hasi nintzenean Ez da kasualitatea bezalako eremutan kantatzen konturatu nintzen Ane bertsolaria ez dela umoretsua, baina aldatzen diozu ekuazioa, zein daukan ondoan, zein gai jartzen diozun, publikoan zein dagoen eta kristoren barre algarak egin ditzake bai berak, bai publikoak. Ane ez da umoretsua ala Ane ez dago eroso umore kode jakin batean eta beste zerbait sortu nahi du? Horren inguruan hasi nintzen ikertzen. Erradikalak gara Beatriz Egizabalekin sortu nuen umoretik. Iruditzen zait kristoren arma dela gauzak esateko. Gauza txikietan lupa jarrita askoz indar gehiago eduki daitekeela.

Txakur Gorria kooperatiba txikia eratu duzu beste hiru emakume sortzailerekin. Zergatik?
Bi bertsolari eta bi ilustratzaile gara. Sormena kolektiboan egiteak kristoren garrantzia dauka niretzat. Taldeak indar handia du, blokeatzen zarenean norbait edukitzea nondik tira esateko. Gauza pila egin ditut bertan bakarrik ausartuko ez nintekeena. Ikasketa prozesua itzela da, kristoren aukera da niretzat. Sormena beti bigarren planoan nuen eta lehenengora eramateko aukera eman digu eta esateko: "Sortzaile izan nahi dut eta saiatu nahi dut hemendik duin bizitzen".

Peru Abarka album saria irabazi zenuen iaz Ezpainetakoa kontaketarekin eta Txakur Gorriako kide Malen Amenabarrek ilustrazio saria. Beste liburu batzuk atera dituzue, baina hau berezia da, ezta?
Kristorena ilusioa eta aitortza izan zen, liburu bat izatea zure izenarekin, zure lagun batek ilustratua. Esperientzia ona. Emakume gazte baten pentsamenduak dira, eta etenetan gogoeta orokorrago batzuk sartzen dira. Gorpuztean jartzen da arreta, gorputza da lotura ematen diona.Malenek ere, justu, gorputz atalak marraztu zituen. Gorputzean fokua jarrita, beste gauza handiago batzuk azaldu nahi dira, izan daiteke genero sistema edo zapalkuntza.

Zein proiektu dituzu esku artean?
Zutabegilea naiz Berria, Argia, Ttap… leku askotan. Bertsotan, irakasle nabil Lasarten; eta Erradikalak gara-ren bigarren partea prestatzen ari gara: Erradikalak ginen. Kolektiboan, proiektu asko ditugu: Mugarrika, H-Artze emanaldia...