Udako Txokoak urteroko hitzarmenetik atera zituen iaz udalak, eta lizitaziora aurkeztu. Lehiaketa publiko horretan, eskaintza ekonomikoa lehenetsi zen kalitatearen gainetik, eta, ondorioz, enpresa bati adjudikatu zizkion.
Mende laurdenez mimoz zaindu ditu Ttakunek Udako Txokoak, elkartearen zutabeetako bat direlako. Gaztetxoenei euskarazko espazioak eskaintzen dizkiete, eta adinean gora egin ahala, euskarazko beste programetan parte hartzeko abiapuntu dira. Urte hauetan guztietan, proiektua eraikitzen joan gara, balio pedagogikoak eta hezitzaileak indartzeko. Eta horrela jarraitzeko asmoa dugu. Horregatik da berebizikoa proiektuari eustea diru laguntzarik gabeko urte zail hauetan. Eta bigarren urtez lortu badugu aurrera eramatea, arrazoi batengatik da: Lasarte-Oriako herritarrek eta elkarteek ekimena babestu dutelako. Horrexegatik, lerro hauen bidez eskerrak ematen dizkizuegu gugan jarritako konfiantzagatik eta erakutsitako atxikimenduagatik.
Tamalez, bizi dugun egoera dela eta, ezinezkoa zaigu nahiko genukeen adina haur hartzea Udako Txokoetan. Baina gauza bat ziurra da: lanean jarraituko dugu etorkizunean Lasarte-Oriako haur guztiek parte hartu ahal dezaten. Euskarazko espazioak sortzea baita aurrera egiteko bidea.