Aparkalekuen mozioa, hiru urteren ondoren

Adrian Garcia 2019ko api. 11a, 18:21

Udalbatzarrak adostu du aparkalekuei buruzko parte hartze prozesua egitea, EH Bilduk proposatuta. 2016an mozio berbera onartu zuten, baina berriro ere aurkeztu dute, udalak bete ez duelakoan. PSE-EEren botoen aurka atera da ekimena 

Gai zerrenda luzea izanagatik, azkar batean egin zuten aurreko asteartean apirileko ohiko udalbatzarra. Bat izan ezik, beste guztiak aho batez onartu dituzte, hamasei batzarkideen aldeko botoarekin (EH Bilduko Kristina Bernal izan da agertu ez den bakarra). EH Bilduk aurkeztutako aparkalekuei buruzko mozioa izan da eztabaida sortu duen bakarra; udalari eskatu diote "behar den seriotasunarekin" parte hartze prozesua egitea. Luze gabe atera da aurrera. PSE-EEren gehiengoa ez da nahikoa izan; ADLOP eta EAJren botoekin, eta PPren abstentzioarekin onartu dute.

Duela hiru urtekoa da gaia. 2016ko batzarrean adostu zuten aho batez herriko aparkalekuei buruzko prozesu parte hartzaile bat egitea, eta ondoren, ekintza plan bat aurkeztea Zerbitzu Publikoetako Batzordean.
Pablo Barrio EH Bilduko bozeramaileak salatu duenez, ordutik udalak ez du bete mozioan jasotakoa. Haren arabera, "orri zuriaren ereduan" oinarritutako parte hartze prozesua egin dute. "Nola da posible inolako aholkularitza teknikorik gabe, eta herritar, eragile eta elkarteekin bildu eta txostenak partekatu gabe egitea prozesua?". 

Horrexegatik, "eskakizun berbera" mahai gainean jarri du Barriok: "Parte hartze prozesu bat modu serioan abiatzea eskatzen dugu".

Beste gaiak, aho batez
Udalaren jarrera defendatu du Agustin Valdivia PSE-EEko Hirigintza zinegotziak: "Prozesua bururaino eraman da". 2016ko mozioaren ondotik hartutako erabakiak azaldu ditu ordezkari sozialistak. Udalbatzarrak aparkalekuei buruzko prozesua egitea eskatu ondotik, parte hartze prozesua hasi zuten. "65 proposamen jaso genituen". Horiek kontuan hartuta, ekintza plana zehaztu zuten gero. "Ez zenuten ezer adierazi orduan", esan die oposizioko alderdiei.

Beste gai guztiak aho batez adostu dituzte batzarkideek: ekintza sozialak egiten dituzten elkarteentzako diru laguntzen oinarriak; Euskara Sustatzeko 2019-2022 Plana; Eskolako materiala erosteko laguntzen oinarriak; merkataritzako enpresa txikiak sortzeko diru laguntzen oinarriak; eta Herritarren Aholku Kontseiluaren Erregelamendu arautzailea.

Galdera eta erreguen orduan, Jesus Zaballos alkateak azaldu du ez dutela elkarteentzako lokalen araudia garaiz bukatuko, hauteskundeak ate joka daudelako.