Apirilaren 19an hasiko du buruz buruko txapelketa Arteaga II.ak, Artolaren aurka

Txintxarri 2019ko api. 9a, 17:21
Gaur aurkeztu dute aurtengo buruz buruko txapelketa, Bilboko Guggenheim museoan. Argazkia: ASPE pilota.

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo buruz buruko txapelketa. Hemezortzi pilotari, eta txapel bakarra; Jokin Altuna amezketarrak irabazi zuen joan den urtekoa. Arteaga II.ak jokatuko du txapelketako lehenengo partida, Artolaren aurka, apirilaren 19an, ostirala

Arteaga II.ak jokatuko du aurtengo buruz buruko txapelketako aurreneko partida, Artolaren aurka, apirilaren 19an, ostirala. Bastidako (Araba) pilotalekuan ariko dira. Final hamaseirenetako neurketa izango da. Lasarteoriatarrak aurrera egingo balu, Erik Jakarekin neurtuko lituzke indarrak. D multzoa egokitu zaio aurrelariari; Joseba Ezkurdia da taldeburua. Final laurdenetan hasiko da konpetitzen lau t'erdiko txapelduna. Arteagak badaki zer den Artola garaitzea: lau t'erdiko txapelketarako sailkapen fasean 20-22 menderatu zuen.

Jokin Altuna amezketarrak pasa den urtean lortutako txapela mantendu nahi du. Ez da erronka erraza izango, pilotari trebe asko ariko baitira aurtengo buruz burukoan; hemezortzi jokalari, eta txapel bat. Badago, hala ere, hutsune handi bat: Aimar Olaizolak erabaki du edizio honetan parte ez hartzea, min hartuta dagoelako. Lau multzotan daude banatuta pilotariak. Altuna, Elezkano, Urrutikoetxea eta Ezkurdia dira taldeburuak. 

Final hamaseirenetako gainontzeko neurketak hauek dira: Victor-Bakaikoa, Agirre edo Peña II-Etxeberria edo Zabala eta Retegi Bi-Laso. Irribarria, Rezusta eta Bengoetxea VI.a dituzte zain final zortzirenetan.