Postu nabarmenak Donostiako Maratoi Erdian

Txintxarri 2019ko api. 10a, 10:20
Maite Salazar. JAVIER ZATARAIN

Herritar ugarik parte hartu dute Donostiako Maratoi Erdian eta 10 kilometroko proban. Horietako batzuk lortu dute lehen hamarren artean sailkatzea: Raul Gomez Margallo eta Jon Presa mutiletan, eta Maite Salazar nesketan. 

Proba azkarra da Donostiakoa, erabat laua, aproposa korrikalariek haien marka pertsonalak ondu ditzaten. Maratoi erdiak zirkuituari bi bira ematen dizkio, eta 10 kilometroko probak, bakarra. Azken proba horretan lortu dituzte emaitza esanguratsuenak herritarrek. Raul Gomez Margallo seigarren izan da (32:29), bigarren beteranoen kategorian. Jon Presa korrikalari gaztea atzetik iritsi da, zazpigarren postuan, bere marka pertsonala onduta (32:50). Maite Salazarrek ere lasterketa ona egin du, atzetik aurrera eginez: 40 minutu eskasetan osatu du ibilbidea, eta zazpigarren geratu da, laugarren seniorra.

Maratoi erdian ere atera dira herritar batzuk. Tartean Mari Carmen Olaso. 1:34:30 denborarekin hamargarren geratu da beteranoen kategorian.