Egin zitekeen omenaldi onena

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko api. 7a, 10:02
Lara Torinosen taldekideak, kapitainari animoak emateko afixarekin.

Taldekideek aitortza xume baina hunkigarria egin diote luzarorako min hartuta dagoen Lara Torinos kapitainari, partida hasi baino lehen animoak emateko afixa erakutsiz. Omenalditxoa ez da hor bukatu, ordea, etxeko taldeak 3-1 irabazi diolako Idiazabali. Bitik bi neurketa irabazi ditu bigarren fasean; liderra da

Garoa Taberna Eguzki taldeko kapitain Lara Torinosek hunkituta ikusi du harmailetatik bere taldekideek eskuetan hartu duten afixa: Animo Lara. Zurekin gaude! irakur zitekeen. Ezker hankan luzarorako lesioa daukanez, ezin izan du jaitsi taldearekin argazkia ateratzera, baina bere indar guztia eman die jokalariei. 

Eta taldekideek jaso dute indar hori. Ongi jaso ere: 3-1 irabazi diote Idiazabali, bigarren zati bikaina jokatuta. Atsedenaldira arte inork ez du golik sartu, nahiz eta abagune batzuk izan, Idiazabalek batez ere. Merezitako saria lortu dute atsedenalditik bueltan, eta 0-1 aurreratu dira. Inflexio puntua izan da hori etxeko taldearentzat. Askoz hobeto jokatzen hasi, eta irauli egin du emaitza, Idoiaren (2) eta Sarairen golekin. Denboraldi honetako dinamika positiboarekin segitzen du Oscar Garciak zuzendutako taldeak bigarren fasean: bi norgehiagoka jokatu dituzte, eta biak irabazi. Lider dira lau taldeko A multzoan, sei punturekin. Hamar gol sartu dituzte, partidako bost, eta hiru jaso. 

Asteburuko emaitzak

Bukatu berri den jardunaldia oso-oso ona izan da Eguzki klubaren talde federatuentzat. Denek irabazi dute, jubenilek ezik. Eta horiek ez dira esku hutsik geratu, berdindu eta puntu bat zakuratzea lortu dutelako. 

Gipuzkoako 1. mailan lehian ari den Aldaz Hortz Klinika sasoi betean da. 1-9 irabazi dio Eskoriatzari. Garoa Tabernak egin bezala, bigarren zatian suspertu da Mikel Escribanoren taldea. Baita suspertu ere, bederatzi gol sartu baititu 30 minututan. Taktika aldatu, eta atezain jokalariarekin aritu dira bigarren zatian. Ares Gonzalezek (3), Unai Ituartek (3), Asier Garciak (2) eta Javi Blancok zulatu dute atea.

Gipuzkoako 2. mailan, beste garaipen bat erdietsi du ISU Leihoakek: 6-3 irabazi dio Ataun Troskaetari. Atsedenaldira bana joan dira bi taldeak. Bigarren zatian hobeto aritu da ISU, eta bi jokalditan 3-1 egin du ihes. Atezain jokalaria atera du orduan kanpoko taldeak, baina ez dio fruiturik eman. Castik (3), Rubenek, Iturbek eta Alonsok sartu dituzte golak.

Jubenilek bosna berdindu dute etxean, GAEL elkartearen aurka. Unaik (2), Julenek, Ewanek eta Mangasek sartu dituzte golak. Kadeteek, berriz, 5-2 irabazi dute Laskorainen aurka. Kopan erdiesten duten lehenengo garaipena da. Golegileak, hauek: Pachon (2), Ewan (2) eta Beñat.

Talde federatu guztiek egin diote aitortza Lara Torinosi: norgehiagokak hasi baino lehen afixa hartu dute eskuetan, Garoa Taberna Eguzkiko taldekideek egin bezala.