Laroc abesbatzako zuzendari Judit Camprubik esan zuen atzo: "Batez ere, ongi pasatzeko abesten dugu; guk primeran pasatzen dugunez, nahi dugu zuek ere, ikusleek, gozatzea eta dibertitzea". Ikus-entzuleek emanaldian zehar egin zituzten txalo zaparradak ikusita, badirudi Alboka eta Laroc abesbatzetako kideek bete zutela helburua. Ordubete pasatxoko kontzertua eskaini zuten. Albokak abestu zuen aurrena, bakarrik; gero, Larocek; eta, bukatzeko, biek elkarrekin.
Pasa den urteko uztailean Vilafranca del Penedes hirira (Katalunia) joan zen Alboka, Laroc abesbatzak gonbidatuta. Aurten kataluniarrek bueltatu diete bisita. Iaz zein aurten, etxean bezala sentitu dira biak.
Euren errepertorioko onena eskaini zuten bi abesbatzek. Hunkigarria izan zen Larocek prestatuta zeukan sorpresatxoa: tenoreek eta baxuek Aldapeko abestia kantatu zuten, euskaraz.