Hirugarren izango da Ostadar SKT

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko api. 7a, 16:30
Ostadarreko jokalari Haizea del Olmo, baloia saskiratu nahian.

Ligako oilarretako biren arteko neurketa Maialen Chourraut Kiroldegian: Ostadar SKT, Antigua Luberriren aurka. Donostiarrak hobeak izan dira, eta merezita irabazi dute, 43-53. Ondorioak izan ditu porrotak sailkapenean: hirugarren postuan bukatuko dute liga erregularra urdin-beltzek

"Gu baino hobeak izan dira. Ez dago besterik". Ostadar SKTren entrenatzaile Ander Otaegiren analisia, atzo arratsaldeko partida bukatu berritan. Ligako talde indartsuenetako bik neurtu zituzten indarrak Maialen Chourraut kiroldegian, eta meritu gehien egin zituenak, Antigua Luberrik, poltsikoratu zuen neurketa. Garaipena bakarrik ez, bigarren postua ere eraman zuten donostiarrek Lasarte-Oriatik. Epaileak baloia airera jaurti aurretik urdin-beltzak zeuden aurretik sailkapenean, baina 43-53 galdu zutenez, hirugarren postuarekin konformatu beharko dute. Lehenengo fasea bukatzeko jardunaldi bakarra falta da. Kanporaketetan seigarren sailkatuaren aurka jokatuko dute, Aste Santutik bueltan; ikusteke dago zein izango den talde hori.

 Antigua Luberri da senior probintzial 1. mailako talde "fisikoena eta indartsuena", Otaegik azpimarratzen duenez. Ezaugarri horiek talka egiten dute Ostadarrenekin. Lasarteoriatarrak ez dira horren altuak, ez dira horren fisikoak, baina baloia oso ongi mugitzen dute eta bizkorrak dira jokoan. Atzo, ordea, ezin izan zuten beraien joko estiloa guztiz erakutsi, donostiarrak hobeak izan zirelako. Errebotean eta defentsa lanetan, batik bat. Lehen laurdena paretsua izan zen, hala ere. Yaiza Navarrok hiruko bat sartu zuen bozina jotzear zela, 10-12ko emaitza ezarriz markagailuan. Euren saskia ongi defendatu zuten urdin-beltzek, baina kamuts aritu ziren erasoan.

Aurreneko hamar minutuetako oreka erabat desagertu zen bigarren laurdenaren hasieran. Ostadarrek erabaki oker batzuk hartu zituen erasoko jokaldietan, eta Luberrik ez zuen barkatu. 0-8eko partziala sartuta, hamar puntuko langa psikologikoa gainditu zuten donostiarrek aurrenekoz, eta etenaldia eskatu behar izan zuen Otaegik. Erabaki ona izan zen: etxekoek odol-jarioa eten zuten, eta jokaldi hobeak egin. Atsedenaldiko markagailua, 23-31.

Erreakzioa, beranduegi

Hirugarren laurdenean galdu zituen partida irabazteko aukera guztiak Ostadarrek. Bigarrenean gertatu bezala, hotz ekin zion etxeko taldeak, eta, ohartzerako, 25-37 ari zen galtzen. Otaegik zuzendutako taldea ez zebilen eroso kantxan, ez zuen lortzen posizio onetan jaurtitzea, eta epaileak ere ez zuen lagundu, zenbait falta ez zituelako ikusi. Bien bitartean, zarata handirik atera gabe, puntuak pilatzen segitzen zuen Antigua Luberrik. Azkeneko hamar minutuetara hemezortzi puntuko aldearekin iritsi ziren: 27-45. 

Zerua beltz egonda ere, Ostadarrek ez daki amore ematen. Ordura arte ez bezala, hiruzpalau jokaldi on egin zituen segidan, erasoan zein defentsan. Zaleen animoek hauspotuta, eta presio oso altua eginda, estu hartu zuten Antigua Luberri, eta apurka-apurka aldea jaten hasi ziren. Ez zen aski izan, ordea, beranduegi erreakzionatu zuelako taldeak. Gutxienez lortu zuen markagailuko aldea dezente murriztea: 31-50etik 43-53ra. 

Orain, "dinamika aldatzera"

Atzoko porrotaren ostean, badirudi ligan hirugarren geratzea hondamendia dela Ostadarrentzat, baina komeni da orain arte egindako guztia aztertu eta erlatibizatzea. Lehenengo hamasei partidetatik hamalau (hamalau!) irabazi zituzten urdin-beltzek. Izugarria. Egia da azken jardunaldietan kosta egin zaiela erritmo hori mantentzea eta dinamika negatibo batean sartu direla –azken bost partidetatik lau galdu dituzte–, baina ezin izan dute sasoi hasieran bezala konpetitu, lesio eta beste zenbait arazo tarteko.

Garrantzitsuena da liga ahalik eta ongien bukatzea eta Aste Santuko oporraldian indarrak hartzea. "Ongi etorriko zaizkigu bi aste horiek pilak kargatu, deskonektatu eta dinamika aldatzeko. Ea datorren astean irabazten dugun", dio Otaegik. Goierri Aymaren aurka ariko dira, Urretxun. Maiatzeko aurreneko asteburuan hasiko dira kanporaketak. Partida bakarrera izango dira final laurdenak. Hirugarren geratu direnez, etxean jokatuko du Ostadarrek.

Fitxa teknikoa: Laura Gutierrez, Leire Belartieta, Larraitz Izagirre, Uxue Anabitarte, Haizea del Olmo (hasierako bostekoa); Paula Sevillano, Uxue Rodriguez, Yaiza Navarro eta Haizea Furundarena. Alicia Jimenezek ez zuen jokatzerik izan, min hartuta dagoelako.

Erlazionatuak

Ostadar SKT-Antigua Luberri KE

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 07 Kirola

Ostadar SKT-Antigua Luberri KE (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 07 Kirola