Iraia Iparragirrek kontratua berritu du Realarekin, 2020ra arte

Txintxarri 2019ko api. 7a, 12:06
Beste urtebetez jarraituko du Iraia Iparragirrek Realean, gutxienez. Argazkia: Real Sociedad.

Elastiko txuri-urdina janzten jarraituko du Iraia Iparragirre herritarrak datorren denboraldian; urtebetez berritu du kontratua Realarekin, 2020ko udarara arte. Lau sasoi daramatza defentsak Donostiako klubean

"Izugarria da Realean beste urtebetez jarraitu ahal izatea, aukera berri bat. Oso ilusionatua nago, gogo askorekin". Iraia Iparragirre futbol jokalariaren hitzak dira. Kontratua luzatu du Donostiako klubarekin, 2020ko udarara arte. Lau denboraldi daramatza herritarrak Zubietan. 2019-2020 sasoia bosgarrena izango da defentsarentzat.

Ederki ari da Reala aurten: ligako laugarren postuagatik ari da borrokan, eta Erreginaren Kopako finalera sailkatu da. Maiatzaren 11n jokatuko dute txuri-urdinek partida berezi hori, Granadan, Atletico Madrilen aurka. "Ahalik eta ongien jokatu behar dugu denboraldiaren azken txanpa honetan; ea amaiera polita den".

2015eko udan fitxatu zuen Realak Iraia Iparragirre, Añorgatik. Urtetik urtera gero eta pisu handiagoa du taldean. Azken norgehiagoketan hainbeste jokatu ez duen arren –lesioak eta joko eskema aldaketak tarteko–, Gonzalo Arconada entrenatzen hasi zenetik minutu asko igaro ditu zelaian.