Liga, azken txanpan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko api. 7a, 10:43
Insausti Tabernak 4-9 irabazi zion Viña del Marri atzo goizean.

Hiru jardunaldi besterik ez dira falta herriko areto futbol txapelketako lehenengo fasea bukatzeko. Aurreneko lau sailkatuek txapeldunen fasea jokatuko dute; beste bostek, berriz, kontsolaziokoa. Bar Buenetxea da liderra, 30 punturekin

Fase erabakigarrira gerturatzen ari da herriko areto futbol txapelketa. Liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldi falta dira, eta gauza asko daude erabakitzeke oraindik. Esate baterako, nor geratuko den lehenengo. Bar Buenetxea da liderra, 30 punturekin. Insausti Tabernaren itzala oso gertu sumatzen du iazko txapeldunak. Bigarren sailkatuak dira gorri-beltzak, 28 punturekin. Biek hamabi neurketa jokatu dituzte orain arte, atsedenaldiak tarteko —bederatzi talde konpetitzen ari direnez, astebururo batek atseden hartzen du; asteburu honetan, Patricio Cocktail Barrek—. 

Buenetxeak eta Insaustik ia bermatuta daukate txapeldunen fasera sailkatzea. Beste bi txartel daude jokoan. Horiek poltsikoratzeko lehian, hiru talde: Asador Irigoien, 24 punturekin; Patricio Cocktail Barrek 22 pilatu ditu; Trumoi Tabernak, aldiz, 20. Asador Irigoienek eta Trumoik partida bat gehiago jokatu dute. 

Kontsolazio fasearekin konformatu beharko dute ligako azken bost sailkatuek. Academia Londonek ez dauka inolako aukerarik: oraindik ez du lortu punturik pilatzea. Urnietako hainbat jokalarik osatutako taldeari kosta egiten ari zaio txapelketari neurria hartzea. Matematikek esaten dute Viña del Marrek, Izen Gabek eta Avenida Tabernak ere ia ezinezkoa dutela fase horretan sartzea. 11, 13 eta 13 puntu dituzte, hurrenez hurren. Jokoan 12 geratzen dira Viña del Mar eta Avenidarentzat, eta 15 Izen Gaberentzat. Denak zakuratu beharko lituzkete, eta goiko taldeek ia guztiak galdu.

Asteburuko emaitzak

Atzo jokatu zuten 14. jardunaldia. Asador Irigoienek 8-4 irabazi zion Avenida Tabernari; Trumoi Tabernak 3-7 galdu zuen Bar Buenetxearen aurka; Academia Londonek, 2-10 Izen Gaberen aurka; eta, azkenik, Viña del Marrek 4-9 Insausti Tabernaren aurka. 

Javi Gomez da txapelketako golegile nagusia orain arte: 27 gol sartu ditu. Gertu dauka Ander Pecharroman, iazko pitxitxia, 25 golekin.