Martxoaren 30a, larunbata. Maite Benito (Palentzia, 1955) lanera joan da, Biyak Bat egoitzaren ileapaindegira, azken 37 urteetan egin lez. Egun hori ez da beste guztiak bezalakoa, ordea: bere azken lan eguna da; erretiroa hartzea erabaki du. Sorpresa aurpegiz hartu du kazetaria goizean goiz, ez baitzuen espero. "Argazkiak atera, niri? Ez dakit, ez naiz horrelakoen oso zalea...", erantzun du Maitek. Azkenean, ordea, gustura aritu da, bere ibilbideko kapituluak oroitzen eta orainari eta etorkizunari buruz solasean. Ilea mozten, permanentea egiten eta beste hainbat gauzatan trebea da, eta hitzekin ere bai. Ez da harritzekoa: makina bat bezerorekin aritu da kontu-kontari euren ilea apaindu bitartean.
Biyak Baten lan egiten hasi aurretik Mertxe ileapaindegian aritu zen, hamar urtez. "Ikasketak bukatu, eta praktiketan hasi nintzen. Handik hilabete batzuetara han lanean geratzeko aukera eman zidan Mertxek", gogoratu du herritarrak. Hipodromo Etorbidean zeukan negozioa. Osasun arazoak tarteko, ixtea erabaki zuen. Lan bila hasi zen orduan Maite, eta Biyak Bat egoitzan aritzeko eskaintzaren berri izan zuen. 1982ko ekainaren 1a izan zen bere lehen lan eguna. Palentzian (Gaztela eta Leon) jaiotakoa da. 8 urterekin etorri zen herrira bizitzera.
Maitek dio ez zitzaiola zaila egin lantokiz aldatzea. Berehala hasi zen bezeroak hartzen. Oso gustura irteten ziren Biyak Bateko bazkideak egoitzaren beheko solairuko lokaletik. Andre batzuk oraindik badira bere bezero: "Josefa da gaurko lehenengo bezeroa; hemen hasi nintzenetik etortzen da hona". Beste asko, ordea, ez, adineko pertsonak izaki, hil egin direlako batzuk eta beste batzuentzat zailegia delako haraino joatea. Hori izan da "gogorrena" Maiterentzat: ikustea nola, hainbat urteren ostean, bezero batzuk ez diren bueltatzen. Gainontzean, "oso-oso gustura" aritu da haiekin lanean azken ia lau hamarkadetan.
"Bizitzaz gozatu nahi dut"
Hainbat urtez jo eta su lanean aritu ostean, atseden hartzeko garaia dela erabaki du Maitek, eta erretiroa hartu. Aipatzen du senarra ere duela gutxi jubilatu dela. "Paseatzera irtengo gara orain askotan. Deskantsatu egin nahi dut, bizitzaz gozatu".
"Pena apur bat" ematen dio erretiroa hartzea, ordu asko pasa dituelako han lanean eta oroitzapen on asko dituelako. Lasai utzi du lana, ordea, erreleboa ongi lotuta. Yosune Iglesias herritarra izango da bertako ile-apaintzailea hemendik aurrera. "Biyak Baten lan egiteari utzi diot, baina esan diot Yosuneri etorriko naizela bisitan noizean behin". Hemendik aurrera bezero izango da bera ere.