Egunotan Korrikaren lekukoa pasatuko dute esku batetik bestera Euskal Herri osoan. Lasarte-Oriako EH Bildun ere pasarazi dute testigua, beste era batekoa: politikoa. Maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu dute. Aldaketa erabatekoa da; egungo lau zinegotzietatik inork ez du jarraituko. Pablo Barriok eta Leire Elizegik itxiko dute zerrenda, hemeretzigarren eta hogeigarren postuetan, hurrenez hurren. Horregatik, agur kutsua hartu du Barrioren hitzaldiak. Baina itxaropenerako atea zabalik utzi du. "Duela zortzi urte ezinezkoa zirudien alkatetza hartzea, eta gertatu zen. Konfiantza dut gertatuko dela".
Barrio berak eman ditu talde berriaren inguruko zertzelada batzuk. "Herriko elkarte eta beste eragileetan lan egindakoak dira, eta, hain zuzen, lan hori eramango dute udalera". Azken zortzi urte horietan ikasitakoa lantalde berriaren eskura utziko du egungo udal taldeak. 2015eko bozetan lau zinegotzi eskuratu zituen EH Bilduk.
Uxue Loinazek, zerrendako bigarrenak, egin zituen aurkezpen lanak. Talde "berria eta indartsua" da EH Bilduk aurkeztutakoa; lehen postuetako gehienak aurreneko aldiz egin dute jauzi politikagintzara, "ilusio handiz". Loinazen kasua ere bada: mugimendu feministako kidea da bera, euskara irakaslea.
Joxe Pikabeak hartu du hirugarren tokia. Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile izandakoa da, eta Ostadar SKTko koordinatzailea da egun.
Estibaliz Garmendia da laugarrena. Oriarte ikastetxeko jangelako langilea, kulturgintzako proiektu askotan egin du lan.
Asier Gorostegi, berriz, bosgarrena da. Enpresaritza ikasketak egindakoa, Ttakun Kultur Elkartean aritu da lanean, begirale eta administrari gisa. Urtxintxa elkartean egiten du lan egun.
Jon Martin, alkategaia
Michelingo langilea eta sindikalista ezaguna, urte luzez LABeko ordezkaria. Jon Martin alkategaiak itxi du aurkezpenen tartea. Aurretik alderdiaren alde lan egindakoei eskerrak eman, eta aitorpen zintzo batekin hasi du hitzaldia Martinek: "Urduri gaude, eta kezka asko ditugu". Baina gauzak garbi ditu: "Bidea ez da erraza izango, baina erronkari gogotsu eutsiko diogu". Bidaia hori "elkarrekin" egiteko gonbita luzatu die alkategaiak bertaratutakoei.
Jon Iñarritu EH Bilduko Espainiako senatariak eta kongresurako hautagaiak lagundu du Martin ekitaldian. Apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeei begira, EH Bilduren lana "erabakigarria" dela ohartarazi du, "Madrildik datozen hodei beltzen aurrean".
Zerrendako kideak
• Jon Martin Tejeria
• Uxue Loinaz Urruzola
• Joxe Pikabea Bereziartua
• Estibaliz Garmendia Arrieta
• Asier Gorostegi Aliri
• Rosa Ormazabal Camarero-Nuñez
• Oihan Agirretxe Iradi
• Maddi Iparragirre
• Aner Lozano
• Marijo Goizueta Garmendia
• Mikel Olaiz Garmendia
• Isa Fernandez de Agirre Amilibia
• Gorka Lasa Azpiazu
• Jurdana Anton Iradi
• Ricardo Manuel Calçada de Carvalho
• Koro Mujika Arozena
• Julian Pavo Giraldo
• Arantxa Otaegi Arruti
• Pablo Barrio Ramirez
• Leire Elizegi Beloki