Legealdiko balantzea egin du Zaballosek: "Aurrera egin dugu"

Txintxarri 2019ko api. 5a, 09:39

Udal hauteskundeei begira, orain lau urte hitzemandako neurri gehienak bete dituztela esan du PSEko hautagaiak

Orain lau urte hartu zuen Zaballosek Lasarte-Oriako Udaleko aginte makila, eta legealdian egindako kudeaketaren balantzea egin du orain, udal hauteskundeen atarian. Herriko etxebizitza guztietara banatu du PSE-EEk liburuxka bat, alor guztietan egindako lanaren berri emateko. Pozik agertu da alkatea, oposizioko alderdi ia guztiekin lortu duelako akordioak egitea. PP, EAJ eta ADLOP aipatu ditu. "Asko egin dugu, baina oraindik asko dago egiteko".

Udalean PSE-EEk agintea berreskuratu zuen garaia ekarri du gogora. "Hiru alderdiek, EH Bilduk, EAJk eta Plataforma Herritarrak, gobernua utzi zutenean dena geldirik zegoen". "Ilusio askorekin" ekin zioten orduan; zerrendako hautagai gehienak berriak ziren.
Diru kontuak nabarmendu ditu PSE-EEko hautagaiak. 2015. urtetik lau aurrekontu onartu dituzte. "Zorra kitatu dugu, eta aurrekontua 28 milioi eurokoa da egun. Altxortegian 13 milioi euroko geldikina dugu. Bederatzi milioi ditugu gastatzeko. Kaudimen oso ona dugu". Diru hori kiroldegiko proiektura bideratzeko asmoa du alkateak.

Balantzea egiterako orduan askotan egin du atzera Zaballosek. 2015ko hauteskunde programa oroitarazi du. 147 neurri iragarri zituzten orduan. "130 bete ditugu. Zortzi martxan daude, eta beste bederatzi ezin izan dira gauzatu. %93 bete dira, edo betetzeko bidean daude".
Azken lau urteetako lanean "hutsegiteak" egin dituztela ere aitortu du, eta horiengatik "barkamena" eskatu du.