21. Korrika

Euskal dantza tradizionalaren unibertsoa ezagutzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 31a, 19:38

Juan Antonio Urbeltz, azalpenak ematen, Telmo Esnal alboan duela.

Bi aste baino gutxiago geratzen dira Lasarte-Oriak 'klika' egin eta 21. Korrikan parte hartzeko. Motorrak berotze aldera, Korrika Kulturala antolatu du AEK-k. Telmo Esnalek zuzendutako 'Dantza' luzemetraiaren proiekzioa izan da ekitaldietako bat. Zuzendaria eta Juan Antonio Urbeltz koreografoa kultur etxera etorri dira filmari buruz hitz egitera

"Pelikula bat egileena da zinema areto batean proiektatzen duten arte; ikus-entzuleena izatera pasatzen da orduan. Zuena da filma hau orain; goza ezazue". Telmo Esnal zuzendari zarauztarraren hitzak dira. Ostiral iluntzean Manuel Lekuona kultur etxera etorri zen, Juan Antonio Urbeltz koreografoarekin batera, Dantza luzemetraiari buruz hitz egitera bertan bildutako ikus-entzuleekin. AEK-k antolatu duen Korrika Kulturaleko lehenengo ekitaldia izan da. Datorren asteko ostiralean, arratsaldeko seietan, 21. Korrika aurkeztuko dute ofizialki kultur etxean bertan. Lasarte-Oriatik apirilaren 12an pasako da, ostirala, 15:30ak aldera.

2018an aurkeztu zuten Dantza. Orduz geroztik, hamaika aretotan proiektatu dute, eta arrakasta handia izan du. Lehengo urteko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean sartu zuten. Euskal dantza tradizionalaren unibertsoa erakusten du Esnalek. Hainbat dantzarik parte hartu dute; tartean, Lasarte-Oriako Erketz EDTko hainbat kidek. "Zoritxarrez, dantzariak ez dira profesionalak, ez da haien ogibidea, baina pelikularen emaitza profesionala da", aipatu zuen Esnalek. Urteko lau urtaroetan grabatu zuten. Gehienbat, oporraldietan. Asteburuetan entseatzen zuten dantzariekin.

"Dantza niretzat zer den? Dantza nire alboko gizon hau da, Juan Antonio Urbeltz da", zioen Esnalek ostiralean. Zuzendariak azaldu zuen Urbeltzengana jo zutela Koldobika Jauregik eta berak, erabaki zutenean euskal dantza tradizionalari buruzko filma bat egitea. Duela hainbat urte elkarrekin egin zuten dantza, Esnalek aitortu zuenez. Koreografoa da Urbeltz, eta dantzari fina, pelikulan ikus daitekeenez. Euskal dantzan aditua da, eta sinbologian ere bai. Hainbat adibide jarri zituen ostiralean, ikus-entzuleen harridurarako.

Okendo Zinema Taldeko kide Mikel Yarzak aurkeztu zituen gonbidatuak. Hamabost bat minutuz solasean aritu eta gero hasi zen proiekzioa. Gustura atera ziren ikus-entzuleak kultur etxetik.

 

Erlazionatuak

'Dantza' filma

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 31 Kultura