Ferminek, Trinik eta Maitek arratsalde bikaina pasa zuten atzo kultur etxean. Adinkideko hiru erabiltzaile dira, eta, astero-astero, plan ederrak egiten dituzte bere lagunekin. Alboka abesbatzak, Getariako Musika Bandak eta ATLO Lasarte-Oriako danborradak eskainitako emanaldiaz gozatu zuten atzo. Erakunde horrek egiten duen lana ezagutze aldera prestatu zuten jaialdia. Lepo bete zen auditorioa; 300 bat ikus-entzule elkartu ziren.
Mari Karmen Ormazabalek eta Leyre Garciak aurkeztu zuten jaialdia. Garciak Adinkiden egiten du lan. Esplikatu zuen zer egiten duen erakundeak: "Bolondresak gara Adinkiden, eta bakardadea pairatzen duten pertsonekin elkartzen gara, astero, konpainia egin eta euren bizi-kalitatea hobetzeko. Lagun talde bat gara". Iaz hasi ziren lanean herrian, eta sarea hedatu nahi dute, boluntario gehiago lortu, ahalik eta pertsona gehienei laguntzeko.
Alboka abesbatzako kideak izan ziren kultur etxeko oholtzara igotzen lehenak. Korua sortu zenetik, 1988an, hamaika emanaldi eskaini dituzte Euskal Herrian, Espainiar estatuan eta Europan. Atzo ere ez zuten kale egin. Montse Latorreren zuzendaritzapean -2008an hartu zuen ardura hori, Cristina Perez Abreurekin batera; 2013tik bera da zuzendari bakarra- Maiteak galde egin zautan euskal abesti herrikoia, James Taylorren That Lonesome Road eta Ken Zazpiren Itsasoa gara maisuki abestu zituzten abesbatzako kideek.
Musika banda, 23 urte eta gero
Ikusgarria izateaz gain, historikoa izan zen atzoko jaialdia. Duela 23 urte jo zuen azkenekoz musika banda batek herrian. Hondarribiako banda aritu zen. Atzo, berriz, Getariakoa. Gazteak izan arren, artista beterano eta esperimentadunen teknikarekin jo zuten, gazte izatearen freskotasun, indar eta energiarekin uztartuz. Ikus-entzuleek biziki eskertu zuten musikariek instrumentuekin egindako lana. Eneritz Jauregik zuzendu zuen emanaldia.
Hainbat abesti eskaini eta gero, Alboka abesbatzako kideekin batera aritu zen Getariako Musika Banda. Aldapeko abesti ezaguna interpretatu zuten aurrena; gero, Mikel Laboaren Oi Pello, Pello; Benito Lertxundiren Nire herriko neskatxa maite abestiarekin jarraitu zuten; eta, bukatzeko, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean.
Donostiako martxa, Lasarte-Oriako danborrak
ATLO Lasarte-Oriako danborradako kideek lagundu diote Adinkideri jaialdia prestatzen. Lan horiek egiteaz gain, atzoko emanaldian parte hartu zuten. Donostiako martxa interpretatu zuten, besteak beste. Felix Telleria danbor nagusiak gidatu zuen danbor-joleen erritmoa. 1969tik dauka kargu hori lasarteoriatarrak; aurten pasako du lekukoa, San Pedro jaiak eta gero.
Jaialdia biribiltzeko, Lasarte-Oriako ereserkia taularatu zuten Albokak eta Getariako Musika Bandak. Bertsio berezia zen; Iñigo Peñak egin zituen moldaketak musikariek pieza hori interpretatu ahal izateko. ATLOko kideek oroigarriak banatu zituzten bukaeran. Jaialdian parte hartu zuten hiru musikari taldeek bana jaso zuten, Iñigo Peñak beste bat, Mari Karmen Ormazabalek ere bai, eta Leyre Garciak, Adinkideren izenean.

