Erakundeen arteko elkarlana landuko dute Udaltopen

Txintxarri 2019ko mar. 29a, 16:35
Udaltopen antolatzaileak, aurkezpenean, Donostian. KULTURATELIER

Maiatzaren 16an eta 17an egingo dute euskara teknikarien topaketa Lasarte-Orian, Manuel Lekuona kultur etxean. Lehen aldiz sartu dira antolaketa batzordean lurralde guztietako administrazioak. Izen ematea zabaldu dute, 65 eurotan, maiatzaren 3ra arte.

Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados? Izenburu horren pean abiatuko da Udaltop maiatzaren 16an eta 17an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Erakundeen arteko elkarlana landuko dute aurtengo euskara teknikarien topaketan. 11. edizioa izango da, eta dagoeneko ireki dute epea izena emateko. Maiatzaren 3ra arte egongo da horretarako denbora, 65 euroren trukean.

Euskarak sustapenerako behar duen elkarlan horren isla da aurtengo edizioa. Izan ere, babesle askok urratsa egin dute, eta  antolatzaile lanetara pasa  dira. Horrenbestez, EAEko hiru foru aldundiak, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoa antolamendu batzordean daude. Baita Lasarte-Oriako Udala ere, Udaltopen bultzatzailea.

Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurkeztu du Udaltop, Mikel Arregi Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariarekin eta Beñat Arratibe Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako arduradunarekin batera. Elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Lasarte-Oriakoak: "Euskara sustatzeko politiken eraginkortasuna biderkatzen da, baldin eta horien oinarrian elkarlana badago. Erakundeen arteko lankidetza behar-beharrezkoa da, eta horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen ari gara euskararen eremu osoan".

Euskaraldiari buruz ere jardungo dute topaketetan. "Erakunde publikoen eta euskararen alde lanean ari diren eragileen arteko elkarlana funtsezkoa dela erakutsi digu", esan du Alkortak.

Euskaraldia ere present

Lehenengo atalean gobernantza eredu berrien inguruko ponentziak emango dituzte, ostegunean, maiatzaren 15ean. Bi hitzaldi teoriko, lau esperientzia praktiko eta mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi kritikoa emango dute. Bigarren blokean helduko diote Euskaraldiari. Orain arteko esperientzia on eta txarretatik ikasteko hitzaldia antolatu dute, eta inkestek utzitako ikerketa kualitatiboaren berri emango dute.

Hitzaldien eta praktiken egitarau osoa ikusteko, eta izena emateko, www.udaltop.eus webgunea bisita daiteke. Jardunaldien prezioan sartzen da Araetako jatetxean ostiralean egingo duten bazkaria.