Okendo, lorez jantzia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 31a, 11:07
Ekoizleek euren postuetan jarritako loreek kolorea eman zioten Okendo plazari.

Udaberri giroa Okendon. Lore eta Landareen VII. azoka egin du Behemendi elkarteak, udalarekin elkarlanean. Hamahiru ekoizlek euren ortu eta haztegietako produktu onenak ekarri dituzte plazara

Udaberri giroa erabatekoa izan zen atzo Okendo plazan, eta ez eguraldi eguzkitsu eta epelagatik bakarrik. Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak Lore eta landareen azokaren VII. edizioa egin zuten. Hamahiru ekoizlek -Lasarte-Oriakoa da horietako bat; hazi ekologikoak ekoizten ditu- euren produktu onenak erakutsi zituzten postuetan. Kaletik joan eta herritarren balkoiei so eginez gero, ikusi daiteke batek baino gehiagok ez zuela aukera pasatzen utzi atzo, eta lore ederrekin apaindu duela etxea.

Krabelinak, margaritak, mitxoletak... Kolore eta mota guztietako lorez jantzi zen atzo Okendo. Beste postu batean ikusi zitezkeen oinaze desberdinak tratatzeko infusioak egiteko materiala: estresaren aurka, tentsioaren aurka edota buruko minaren aurka, esate baterako. Hazi ekologikoak, ukenduak eta beste hamaika produktu ere eros zitzaketen herritarrek. Eguerdi aldean bildu zen jende gehien plazara. Helduek erosketak egin bitartean, primeran pasa zuten etxeko txikienek, antolatzaileek eskainitako tailerretan eta jolasetan.

Erlazionatuak

Lore eta landareen VII. azoka

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 31 Gizartea