Trinkoko triatloilariek denboraldiari ekin diote

Txintxarri 2019ko mar. 28a, 17:47

Andoni Illarramendi herritarrak beteranoetako bosgarren postua lortu du Oñatiko Duatloian. Trinko Lasarte-Oria triatloi taldeko Imanol Arteaga eta Asier Gorostegi ere lehian izan dira. Apirilaren 27an Getariako Triatloian arituko dira triatloilariak

Trinko Lasarte-Oria triatloi taldeko Imanol Arteaga eta Asier Gorostegi kideek lasterketa denboraldiari hasiera eman zioten larunbat arratsaldean. Oñatiko Duatloiaren XXVII. edizioan lehiatu ziren. Ez ziren irteera puntuan herritar bakarrak izan, Zumeatarra triatloi taldean dabilen Andoni Illarramendi ere bertan izan zen.

Aloña Mendi K.E. Triatloi Taldeak eta Gipuzkoa eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatutako Oñatiko Duatloia distantzia motzeko proba da. Hori dela eta, ibilbidea hiru zatitan banatzen da: 10km. korrika, 37 km. bizikletan eta azkenik, beste 5 km lasterka. Edizio horretan, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak zeuden jokoan.

Herritarren artean azkarrena Andoni Illarramendi izan zen. 23. postuan helmugaratu eta beterano 1. mailako bosgarrena izan zen. Ibilbidea egiteko 1:57:39 behar izan zituen.

Illarramendi 36. postuan iritsi zen lehen trantsiziora, eta bizikleta gainean ederki moldatzen dela erakutsi zuen gero. Zati horretako 9. denbora onena egin eta hainbat postu aurreratu zituen azkeneko zatiari begira.Imanol Arteagak hamar minutu gehiago behar izan zituen helmugara iristeko: 2:08:35.Illarramendiren antzera, bizikletako tartean egin zuen bere denborarik onena.

Azkenik, Asier Gorostegik, 2:19:23-ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Indarrak ongi neurtuta, lasterketa erregularra egin zuen.

Triatloilarien hurrengo hitzordu garrantzitsua apirilaren 27an izango da, V. Getariako Triatloian. 750m. igerian, 20 km. bizikletan, eta 5 km. korrika egin beharko dituzte dortsala lortu duten herritarrek; 24 ordu baino gutxiagoan dortsalak agortu ziren. Illarramendi, Gonzalo eta Aimar Sukunza eta Ramon Altuna dira horietako batzuk.