Sailkapena eskuetan dute LOKEko gimnastek

Txintxarri 2019ko mar. 28a, 17:40

Eskolarteko A mailako eta amateur mailako gimnastek Gipuzkoako txapelketarako sailkapen fasea amaitu dute. LOKEko kirolari gazteek txapelketa nagusirako txartela eskuratu dute. Maiatzean hainbat hitzordu garrantzitsu izango dituzte

LOKEko gimnastek Eskolarteko A eta amateur mailako txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten igandean, Ibarran. Gipuzkoako txapelketarako sailkapena jokoan zuten, eta ederki erantzun zuten bakarka, zein taldeka. Sailkapen orokorreko lehen postuetan daude, eta guztiak izango dira maiatzean jokatuko diren Gipuzkoako txapelketetan.

Aizpea Arroyo eta Garazi Gomez amateur mailako Senior A mailako gimnastek borrekin egin behar izan zuten lan. Arroyok hirugarren postua eskuratu zuen, eta, Gomezek, berriz, bederatzigarrena.

Sailkapen faseko lehen saioko postuei esker, biak izango dira Gipuzkoako txapelketan. Arroyo lehenengo saioan uztail lanean garaile izan zen, eta sailkapen orokorreko lehen postuan geratu da. Gomez, berriz, lehen saioan hirugarren izan zen, eta sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu du txapelketa.

Jubenil B mailan, Paula Martinezek zinta lana eginda seigarren postua eskuratu zuen. Martinezek eta Jaione Martosek osatu dute Ibarrako lehiaketa. Aurreko saioan, Martosek pilotarekin laugarren postua egin zuen. Bien emaitzak batuta, sailkapen orokorreko laugarren postua eskuratu dute.

Miriam Prieto eta Maitane Arroyok ere kadete B mailako Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea lortu dute, zortzigarren postua eskuratuta. Amateur txapelketako lehen saioan Arroyo uztai lanean bigarren izan zen; oraingoan, Prietok zortzigarren postua lortu du borrekin lan egiten.
Eskolarteko alebin A mailan, Eneritz Diaz de Gereñu izan zen lehian. Sokarekin egin zuen lanak seigarren postua eman zion. Kategorian estreinakoz aritu zen. Eskolarteko txapelketako lehen saioan B mailan parte hartu zuen LOKEko gimnastak. Hartan erakutsitako trebetasunak A mailan lehiatzeko aukera eman zion eta igandean lortutako emaitzak Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko txartela eman dio.
Bikote edo taldeei dagokionean, amateur mailako senior A taldeak borra eta pilotekin egin zuen lana, eta bigarren postua eskuratu zuen. Txapelketako sailkapen orokorrean ere bigarren izan da.

Eskolarteko kadete B mailan, berriz, LOKE-Santa Teresa eta LOKE-Oriarte taldeek parte hartu zuten. Biek uztai eta pilotekin lan egin zuten. Donostiako ikastetxeko taldeak laugarren postua eskuratu zuen, eta Lasarte-Oriakoak, berriz, zortzigarrena. Sailkapen orokorrari begira, Oriarte bosgarren izan da, lehen saioan laugarren izan zen. Santa Teresa, ordea, seigarren izan da. Postu hori da, hain zuzen, aurreko saioan lortu zuena.
LOKEko arduradunak oso pozik daude gazteek egindako lanarekin, eta gimnasta guztiak zoriondu dituzte Gipuzkoako txapelketarako sailkatzea lortu izanagatik.

Maiatza, txapelketaz beteta
LOKEko gimnastek Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak dituzte buruan. Maiatzean izango dira guztiak, baina badago beste txapelketarik.
Amateur mailako Gipuzkoako txapelketa maiatzaren 19an jokatuko dute Eibarren; Euskadikoa berriz, maiatzaren 5ean. Garazi Gomezek, Aizpea Arroyok eta Senior taldeak bietan egoteko aukerak dituzte.

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa maiatzaren 11n izango da, Tolosan. Ekainaren 1ean, aldiz, Euskadiko XXXVIII. Eskolarteko Kirol Jokoak aurrera eramango dituzte Santurtzin.

Data horien tartean, Udaberri txapelketako finala dago. LOKEko txikien taldeak maiatzaren 5ean, Donostian izango du hitzordua.