Igerilariak txapelketaz txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 27a, 15:42
Martin ahizpak 200m. bular probako podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dute atsedenik hartu azken asteetan. Handienek Neguko Euskal Herriko txapelketa, txikienek Liga jardunaldiak. Guztiek ederki egin dute lan.

Maila ona eman zuten Buruntzaldea IKT Junior eta Absolutu mailako Neguko Euskal Herriko Txapelketan.  Domina eta marka pertsonal ugari eskuratu zituzten martxoaren 16an eta 17an Iruñeko Amaya kirol Hirian lehiatu zen txapelketan.

“Emaitza txukunak lortu dituzte eta gutxi izanda ere, podiumean eta emaitza aipagarrietan altua izan de euren presentzia,” adierazi du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Ainhoa Martin-ek junior eta absolutu mailako garaile izan zen hiru probetan:  100m. eta  200m. bular probetan eta  400 metro lau estiloetan. Horrez gain, marka pertsonal berria erdietsi zuen 100m. tximeleta proban.

Leire Martin ere podiumeko lehen postuetan izan zen hainbat probetan.  200m. bizkar eta 200 metro lau estilo probetan junior, zein absolutu mailako urrezko domina jaso zuen, baita  junior mailako 100m. bizkar proban ere. 200 m. bular proban, gainera, bigarren postua eskuratu zuen bere ahizparen atzetik eta bere marka hobetu zuen.

Martin ahizpez gain, Nahia Zudairek hiru urrezko lortu zituen igeriketa egokituko 50m., 100m. eta 200m. libre probetan eta zilarrezkoa, 50m. bizkar proban.  Azken proba honetan eta 200m. librekoan bere marka ondu zuen Zudairek.

Azkenik, Nerea Santos bigarren izan zen, absolutu mailako 1500m. libre proban eta proba bereko, zein  400 m. eta 800m. libre probetako marka pertsonala hobetu zituen.

Hurrengo asteetan bi hitzordu garrantzitsu dituzte Buruntzaldea IKTko kideek.  Nahia Zudaire Erkidego arteko Espainiako Txapelketan izango da martxoaren 30ean eta 31n, Madrilen Euskadiko selekzioarekin eta bestetik, apirilaren 5etik 10ra, Leire Martin eta Ainhoa Martin Sabadellen izango dira Junior mailako Espainiako Neguko Txapelketan parte hartzen.

Alebinak ere lehia bizian

Larunbata honetan, berriz, alebin, benjamin eta aurre benjaminen txanda izan da, Tolosan.

Alebinen taldeak Ligako bosgarren jardunaldia izan zuen. Jardunaldi honetarako adin tarte honetako haurrek proba desberdinak izan zituzten eta Buruntzaldea IKTko  gaztetxoak aurreko postuetan izan ziren. 2005ean jaiotako mutilen 100m. bizkar proban, Oier Mateos bigarren sailkatu zen eta Unai Barcina berriz hirugarren.

2007ko nesken 100m. librean, Nahia Goenaga bigarren postuan sailkatu. 2006ko nesken 200m. bizkar proban Nerea Irazu bigarren sailkatu zen eta June Lopez hirugarren.

Saioko proba zailenean, 200m. tximeletan, June Lopez hirugarren izan zen, Izaro Audikana laugarren, Nerea Irazu bosgarren eta Garazi Etxeberria berriz seigarren.

Bi jardunaldiren falta, igerilari gazte ugarik Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetarako sailkapena lortu dute. Gipuzkoako txapelketan izango dira: Nahia Goenaga, Izaro Audikana, Garazi Etxeberria, Saioa Elolk, June Lopez, Iker Gorostegui, Iker Gandia, Jon Pelayo, Unai Barcina eta Nerea Irazu.  Azken horrek, hain zuzen, Euskadiko txapelketarako 5 gutxieneko ditu. Baina gehiago ere izan daitezke, June Lopez 200m. bizkar probako gutxienekotik ehuneko batzuetara geratu baitzen Tolosan.

Txikienak ere bikain aritu ziren aurrebenjamin eta benjaminen ligako hirugarren jardunaldian. “Urduri egon ziren arren, guztiek jarrera bikaina erakutsi zuten jardunaldi osoan zehar, euren erronkei aurre eginez, ikasitakoa aplikatuz eta talde giro alaia mantenduz”.