Agirretxe eta Bizipoza saritu ditu GaituzSportek

Txintxarri 2019ko mar. 26a, 16:12

Donostiako Kursaalean jasoko dute aitortza, apirilaren 4ean. Kirol arlotik kanpo "aniztasuna eta inklusio soziala" lantzeagatik sarituko dituzte. 34 elkartek osatzen dute Bizipoza; euskara abiapuntu hartuta, ikustezin diren errealitateak lantzen dituzte  

Umorea tresna indartsua da bidegabekerien aurka egiteko. Filosofia hori buruan ekin zioten pailazoek ibilbideari Lasarte-Orian orain 32 urte. Bide horretan mugarri izan zuten inklusioaren alde lan egiten dute elkarteekin saretzea. "Euskaratik abiatuta, mundua guztiontzat izateko lan egin dugu. Horretarako sortu genuen Bizipoza elkartea", kontatu dio Joxe Mari Agirretxek txintxarri-ri. Orain, lan horren aitortza jasoko dute, apirilaren 4ean; GaituzSport sariak jasoko dituzte Agirretxe berak eta Bizipoza elkarteak, "aniztasuna eta integrazio soziala lantzeagatik, eta elkarteen eta familien alde lan egiteagatik". Donostiako Kursaalean egingo dute ekitaldia.

GaituzSport Fundazioak eta Kirol Egokituko Euskal Federazioak antolatu dute ekimena, Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioaren laguntzarekin. Kirol arlotik kanpoko jarduera inklusiboen atalean jasoko dute saria Lasarte-Oriako pailazoek.
Gizartean ikusezin diren errealitateak jaso nahi dituzte pailazoek, eta hori lortzeko jarri ziren harremanetan elkarteekin. "Ez zara konturatzen existitzen direla ere, zerbait larria gertatzen zaizun arte", esan du Agirretxek. Mundua ikusteko modua aldatu diete elkarte horiek. "Guretzat oso garrantzitsua izan da haien baloreak transmititzea".

34 elkarterekin batera

Eginkizun horretarako sortu zuten Bizipoza elkartea. Izaera bereziko gaiak landu eta haur eta familien ongizatea helburu du, eta 34 elkartek osatzen dute. Besteak beste, Aspanogi, Gehituz, Ademgi eta Arnasak. Errealitate asko tratatzen dituzte elkarte horiek, hala nola, gaixotasun arraroak, gaitz larriak, sindromeak, familia ereduak, inklusio soziala, migrazioa, kooperazioa... Zailtasunak dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea du ardatza Bizipozak, euskara eta sorkuntza abiapuntutzat jarrita.

"Munduak guztiontzat izan beharko luke, baina sindrome batekin jaio den baten eskubideak beti ez dira errespetatzen. Kulturan, kirolean eta eskolan bizimodu duin bat behar du". Horren alde egiteko bidea zein den argi du Agirretxek: "Munduko gaitzei aurre egiteko txertorik baliotsuena bizipoza da".

Agirretxerekin batera Katxiporretako lantaldea joango da Kursaalera saria jasotzera. "Talde handia dugu pailazook atzean, eta talde osoak du Bizipozaren begirada barneratuta". Saria Lasarte-Orian inklusioaren alde lan egiten dutenekin nahi dute partekatu. "Lan ezinhobea egiten dute Ostadar Kirol Taldea eta Jalgune elkarteak. Haien barruan bizi dituzten aniztasuna, elkarbizitza, errespetua, zaintza eta besteekiko konpromisoa eredugarriak dira".