Lore eta landare azokak hartuko du Okendo larunbatean

Txintxarri 2019ko mar. 26a, 15:26

Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendik antolatuta, hamahiru postu izango dira 10:00etatik 14:30etara. Ekoizleak herritarrengana gerturatzeko helburua du azokak. Haurrentzako tailerrak egingo dituzte. 

Zazpigarren aldiz egingo dute Lore eta landare azoka Okendo plazan. Udaberriarekin batera loretuko da modu horretan herrigunea. Hamahiru postu jarriko dituzte ekoizleek. Lore eta landareak ez ezik, kosmetika, sendabelarrak eta loreekin egindako artisautza produktuak eskainiko dituzte. Behemendi elkarteak adierazi duenez, helburua da ekoizleak eta herritarrak harremanetan jartzea, merkaturatze bide laburragoak eraikitzeko. Horrez gainera, artisauei eta landare ekoizleei zalantzak galdetu eta aholkuak jasotzeko modua egongo da azokan. 

Gaztetxoek ere izango dute zer egin. Eta batez ere zer ikasi. Bi tailer antolatuko dituzte haientzat. Lehena, 11:30etik 12:30era. Prentsatutako loreak erabiliz eskulanak egiten irakatsiko diete. Bigarren tailerrean, 12.30etik 13:30era, landatzen ikasiko dute, eta landaretxo bat eramango dute etxera.