Ostadar SKTko Inklusio taldeko kideak bikain lehiatu dute Atletismoko adin tarteetako Liberty Seguros Espainiako Txapelketan, Collado Villalban, Madrilen. Lehen postuetan izan dira eta 100 m. proban hiru kirolarik garaipena eskuratu dute. Taldeko arduradunak oso pozik daude atletek egindako lanarekin. "Oso ondo lehiatu dira. Uste genuena baino hobeto ibili dira," jakitera eman du Jurgi Olasagasti saileko arduradunak.
Taldeko lau gaztek, Ezequiel Hernandezek, Ane Asensiok, Diana Benedictok eta bere gida den Iñigo Benedictok eta Xuban Santinek parte hartu zuten txapelketan eta adin eta maila ezberdinetako probak egin zituzten. Guztiek batera 4x100 m. lasterketa ere lehiatu zuten.
Ezusteko handiena Ezequiel Hernandezek eman zuela azpimarratu du Jurgik. 16 urte azpiko gazteen T20 mailan, 100 m. eta 300 m. lasterketan lehiatu eta bietan garaile izan zen.
Ane Asensiok 18 urte azpiko gazteen T34 mailako 100m. eta 400m. lasterketak egin zituen. Lehenengoan garaile izan zen. "400 m. proba ere ederki egin zuen. Luzea egin zitzaion, Anek duen arazoarengatik ezin duelako aulkian denbora asko egon".

Diana Benedictok ere lasterketa beretan parte hartu zuen aita gida lanetan zuela. 100 m. lasterketan bosgarren izan ziren eta 400. metroetan, bere marka hobetu zuten. "Bigarrengotik lau segundora geratu ziren".
Xuban Santinek 16 urte azpikoen T33 mailako 100 m. lasterketa egin eta garaipena erdietsi zuen. "Lasterketa nahiko luze egin zitzaion, baina denboraldi hasieratik hona aulkian egindako entrenamenduari esker, aurrera egin zuen."
Entrenatzaileek txapelketaren irakurketa ona egin dute. "Txapelketa bikaina izan da. Batzuentzat lehen aldia zen maila horretako txapelketa batean lehiatzen. Emaitza onak izateaz gain, giro ederra eta lagunartekotasun handia izan da gazte eta familien artean”.
Absoluto mailako txapelketa
Hurrengo txapelketak prestatzen hasi dira gazteak. Apirilean Euskadiko absoluto mailako txapelketa izango dute eta ekaina aldera Espainiakoa.
Horretarako atletismo saileko kideak astelehenen eta asteazkenetan biltzen dira haien entrenatzaileekin Lasarte-Oria eta Donostiako egoitzetan. Ane Asensio eta Xuban Santinek Xabi Sagarna eta Etxahun Urkizu dituzte entrenatzaile. Diana Benedictok Jurgi Olasagastirekin egiten du lan eta Jokin Garcia da Ezequiel Hernandezen entrenatzailea.