Gozatu ederra hartu dute

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko martxoaren 24a

Lagun koadrila gazte hau elkar besarkatuta iritsi da helmugara.

Eneko Castro zenaren omenezko Euskal Krosaren beste edizio bat jokatu da gaur Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean. LH6 mailakoak izan dira korrika egiten lehenak. Promozio gazteagoetako neska-mutilak aritu dira gero. Primeran pasa dute denek.

Eneko Castroren omenezko Euskal Krosaren 22. edizioan lehiatu dira gaur Garaikoetxea-Landaberrin ikasten duten dozenaka gaztetxo. Eguraldi ezin hobea lagun, atletismoaz disfrutatu dute, eta gozatu ederra hartu. Guraso eta lagunen animoek indarrak eman dizkiete helmugara iritsi aurreko esprintean estutzeko. 

LH 6 mailan dauden korrikalari gazteak izan dira lasterka egiten aurrenak. Garaikoetxeako patioko estalkian kokatutako irteera lerrotik abiatu dira; aldapatxoa igo dute gero; ikastetxetik atera, Mirentxu-Enea zeharkatu, eta beste aldeko sarreratik sartu dira berriro patiora, ziztu bizian. Orduan erretiratu dira lasterketa kontrolatzen ari ziren gazteak. Helmuga lerroa akituta zeharkatu dute batzuk, eta irribarretsu beste batzuk. Goizeko une hunkigarrienetako bat lehenengo lasterketan gertatu da: lagun koadrila bat, lau mutil, elkar besarkatuta iritsi da. Helburu nagusia kirolaz gozatzea da. Promozio gaztegoetako lasterkarien txanda iritsi da gero.

Korrikaldia amaitu ostean, dominak eta freskagarriak hartu dituzte neska-mutilek, indarrak berritzeko. Bukaeran sari-banaketa ekitaldia egin dute antolatzaileek.

Erlazionatuak

Euskal Krosa Garaikoetxea-Landaberrin

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 24 Kirola