Protesta izan behar zena, ospakizun

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 24a, 15:15
Herritar ugari gerturatu ziren Okendora kontzertuez gozatzera.

Hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzak iragarritako dekretu batek: urteko hamabi kontzertutara mugatu nahi du tabernen jarduna. Kultur munduko kideek, ostalarien eta gizartearen protesten aurrean, erretiratu egin du lege proiektu hori. Lasarte-Oriako zenbait eragilek protesta egiteko antolatutako kontzertuak ospakizun bihurtu dira horren ondorioz.

Protesta-ekintza izan behar zena ospakizun bihurtu da azkenean. Gizarteko hainbat sektorek "kulturaren aurkako erasotzat" hartu dute Eusko Jaurlaritzak duela gutxi iragarritako dekretua. Tabernek kontzertuak eskaintzeko daukaten ahalmena murriztu gura zuen egitasmo horrek: urtean hamabi kontzertu besterik ez. Hautsak harrotu dituela ikusita, erretiratu egin behar izan du lege proiektu hori. 

Kontzertuak prestatzen jo eta su ibili diren lasarteoriatarrek erabaki zuten emanaldiak bertan behera ez uztea, eta kultura kalera ateratzearen garrantzia azpimarratzea, nahiz eta dekretuaren mehatxua joana izan. LOUH, Denbora, China Chain, AC/RC eta The Lobsters taldeek eskaini zituzten emanaldiak Antonio Mercero guneko arkupe parean, besteak beste. Emanaldi laburrak izan ziren, hamabost-hogei minutukoak, baina energiaz eta elektrizitatez beteak. Okendora hurbildu ziren ikus-entzuleek gogotik gozatu zuten musika emanaldiez.

Euskal Herri osora zabaldu dira gisa honetako protesta-ospakizun ekitaldiak. Eusko Jaurlaritzak dekretu hori kaleratzeko iragarpena egin zuenean Arteak Ireki izeneko plataforma bat sortu zuten hainbat kultur eragilek.

Erlazionatuak