Froilan Elespe omendu du PSE-EEk Illarraltzuetan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 24a, 12:21

Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza, hizketan, atzo.

Duela hemezortzi urte erail zuen ETAk Froilan Elespe PSE-EEko alderdikide eta Lasarte-Oriako alkateordea. Urtero legez, zinegotzi izandakoaren ahaideak eta ordezkari sozialistak Illarraltzueta hilerrian elkartu dira, omenaldia egiteko. Herriko Etxera jaitsi dira gero, Froilan Elespe VII. saria ematera. Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldea saritu dute.

Froilan Elespe 2001eko martxoaren 20an erail zuen ETAk, tiroz. Orduz geroztik, Lasarte-Oriako alkateorde eta alderdi sozialistako zinegotzi izandakoaren ahaide eta lagunak eta PSE-EEko ordezkariak Lasarte-Oriako Illarraltzueta hilerrian elkartzen dira Elespe omentzeko. Bertan egon ziren Euskadiko PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Andueza eta Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballos, besteak beste. Tomasi Pelaz alarguna eta Josu zein Andoni semeak ere joan ziren.

Minutu bateko isilunea gorde aurretik Anduezak hartu zuen hitza. Realaren oso zalea zen Elespe, eta futbol taldeari buruz hitz egiten ekin zion Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak atzoko ekitaldiari: "Lasai egon zaitezke, Froilan [Elespe], Reala ongi ari da eta". 

EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrek asteon egindako adierazpen batzuk ere izan zituen hizpide Anduezak. "Ezin da onartu Egibarrek egindako konparaketa: Generalitateko presidente Quim Torraren xingola horiak eta bere garaian euskal gizarteak erabili zituen xingola urdinak, ETAri geratzeko eskatzeko. Bere ustez, adierazpen askatasunaren adibide dira biak". 

Froilan Elespe saria

Hilerritik jaitsi eta Lasarte-Oriako PSEren Herriko Etxera joan ziren omenaldian parte hartu zuten pertsonetako asko. Duela zazpi urtetik Froilan Elespe saria banatzen dute herriko alkateorde izandakoaren familiakoek. Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeak jaso du aurtengo saria, hunkituta. Hamabi pertsonak osatzen dute lantaldea.

Mari Karmen Ormazabalek hitz egin zuen taldearen izenean, euskaraz. "Harriduraz" jaso zuen Bizikidetza Taldeak saria jasoko zuenaren notizia. "Ez genuen uste gure lanak horrenbesteko proiekzioa izango zuenik. Oso pozik gaude, eta oso eskertuta. Bihotzez onartzen dugu". 2014ko urrian hasi zen lanean talde hau, "ezberdinen arteko elkarrizketa espazio bat" osatzeko asmoz. "Biolentziak gure herrian eragindako zaurien inguruan zintz hitz egin eta errespetuz entzutea da asmoa". 

Hainbat biktimaren senideekin bilera sorta bat egin du lantaldeak. Tartean, Froilan Elesperen semeetako batekin elkartu dira, Josurekin. Solasaldiak "oso hunkigarriak" izan direla azpimarratu zuen Ormazabalek. "Familia guztiek asko sufritu dute, baina inork ez dauka mendeku goserik. Mirestekoa da hori".