Herriko komertzioak pasarelan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 24a, 15:21

Modaren bueltan lan egiten duten herriko hainbat komertziok desfilea antolatu dute, Aterpea merkatarien elkartearekin elkarlanean. Azken asteetan lan asko egin eta detaile guztiak zaindu eta gero, produktuak erakutsi dituzte pasarelan. Lan bikaina egin dute dendari eta modeloek.

Ez zen inor gehiago kabitzen atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Aterpea elkarteak iragarria zuen desfilea baino egun batzuk lehenago agortu zirela gonbidapenak. Inork ez zuen galdu nahi modaren inguruan lan egiten duten hainbat herriko komertzio pasarelan ikusteko aukera.

Ana gizonezkoen ileapaindegia; Alba moda; Leder oinetakoak; Olmi mertzeria; Mabel moda; Iturbe zapata-denda; Imagine jantzi denda; Marian Olaizola ileapaindegia; Marbell ileapaindegia; eta Ormazabal loradenda. Hamar komertzio horiek antolatu zuten atzoko desfile dotorea. Lan bikaina egin zuten dendari eta modelo guztiek; nabaritu zen gogotik entseatu dutela azkeneko asteetan, eta desfilearen detaile guztiak mimoz zaindu dituztela. 

Dinamikoa izan zen dendari eta modeloen joan-etorria: bost bat minutuko bina txanda egin zituen komertzio bakoitzak. Tartean, Amaia Gonzalez Caballeroren dantza eskolako ikasleek emanaldiak eskaini zituzten. Irigoyen optikak eta Bizker inprimategiak ere kolaboratu zuten atzoko ekitaldian.