Kalera irten da antzerkia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 25a, 18:05
Antzezle talde hau aiton-amona raperoz mozorrotu zen.

Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko ospakizunak asteburura aurreratu ditu Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak. Larunbat arratsaldean kalera atera dira irakasle eta ikasleak, eta herriko hainbat tokitara eraman antzerkia. Familia guztiarentzako tailer bat ere egin dute. 'Pirata Garrapata' emanaldia eskaini du Patata Tropikala konpainiak Gaztelekuan.

Lasarte-Oriako kaleak oholtza bihurtu ziren atzo. Datorren asteazkenean, hilak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko du munduak. Kukuka eta Antzerki Dantza Eskolak asteburura aurreratu ditu ospakizunak, irrikitan egoten direlako kultura eta antzerkia gure herriko bazter guztietara helarazteko. 

Familia guztiarentzako tailerra egin zuten goizean, Sasoetako gimnasioan. Aiton-amona, guraso eta haur, primeran pasa zuten guztiek eta antzerkiaren unibertso zabalean murgildu ziren. Gaztelekuan ere gozatu ederra hartu zuten etxeko txikienek. Pirata Garrapata bihurriaren abenturek aho-zabalik utzi zituzten gaztetxoak. Patata Tropikala konpainiak oholtzaratu zuen ikuskizun hori.

Arratsaldean, kalera

Kukuka eskolako ikasle eta irakasleek kaleak hartu zituzten arratsaldean. Mimoz zihoazen batzuk, ertzainez eta guardia zibilez beste batzuk, aiton-amona raperoak ere animatu ziren, pailazoak ere bai... Koadrila bitxia, baina dibertigarria eta bihurria. Galde diezaiotela lasai paseatzen ari zen emakumeari: ertzainek alkoholemia kontrol inprobisatu bat egin, eta globo bat puztuarazi zioten. Kontrolaren emaitza ikusi, txilibitua jo eta isuna jaso zuen. Horrelako parodia dezente egin zituzten arratsaldean zehar. Antzerkia, besteak beste, gozatzeko delako, dibertitzeko, eta barre egiteko.

Okendo plazatik abiatu zen antzezle gudarostea. Ahaten parke alboko plazatxoan egin zuten aurreneko geldialdia. Guardia Zibilek erakutsi zuten nola egin behar den kontrol bat errepidean. Ondoren, aiton-amona raperoek kontzertutxo bat eskaini zuten, telebistako epaile famatu eta guzti. Ahaten parketik, Elizatze plazara. Pailazoek koloreztatu zuten inguru gris hori. Beste antzezle talde batek telebistako lehiaketa bat parodiatu zuen, ikus-entzuleen algara artean. 

Irteera puntura itzuli aurretik egin zituzten geldialdi gehiago. Zehatzago esanda, pare bat: Sasoeta auzoko Jaizkibel plazan eta Oriarte institutu parean. Zazpiak baino lehenxeago iritsi ziren Okendo plazara. Talde guztiek emanaldi bana eskaini zuten. Ondoren, irakasleek manifestu bat irakurri zuten. Carlos Celdran zuzendari eta irakasle kubatarrak idatzi du testua aurtengo Antzerkiaren Nazioarteko Egunerako. Iñaki Iñurrieta idazle eta itzultzaileak euskaratu du.

"Antzerkia herrialde bat da"

Celdranek dio "lurralde handi bat" dela antzerkia, "herrialde bat". Kontzeptu hori barneratu zuenean aldatu egin zen berak antzerkitzat ulertzen zuena. "Ez duzu zauden lekutik urrundu edo mugitu beharrik, lasterka egin edo lekuz aldatu beharrik. Zu non, hantxe daude ikus-entzuleak. Ustezko mugiezintasun horretatik lan egiten duzu, bidaiarik handiena eraikitzeko".

Celdranen aburuz, "horizontala" da antzerkiaren tradizioa. "Inork ezin dezake esan antzerkia munduaren erdiguneren batean dagoenik, hiri edo eraikin apartekoren batean; geografia ikusezin batean hedatzen da". Antzerkigilearen ogibidearen funtsak ere zerrendatzen ditu: egiaren uneak sortzea; anbiguotasunarenak, indarrarenak eta askatasunarenak ere bai.