Toponimiaren webgune berria aurkeztuko dute asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 25a, 10:00

Euskara Zerbitzuak herriko leku izenen azterketa egin du. Emaitza ikusgai dago sarean: 'toponimia.lasarte-oria.eus'

Nondik gatoz? Nortzuk gara? Galdera horiei erantzuteko informazio asko ematen dute toponimoek. Izan ere, leku izenek bertako hizkuntzari, bizimoduari, ohiturei, gertaera historikoei edo sinesmenei buruzko xehetasun asko gordetzen dituzte. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak toponimoen azterketa egin du, eta emaitza publiko egin, webgune bat sortuta. Hain justu, datorren asteazkenean, hilaren 27an, lan horren emaitzak eta webgunea aurkeztuko du Mercero gunean, 18:00etan.

Jende askok ekarpenak egin ditu toponimiako azterketa osatzeko. Ahozko toponimoen jasoketa ikerketaren atal garrantzitsua baita. Informatzaile horiek ere gonbidatu dituzte ekitaldira, ikus dezaten emaitza.

Webguneak 700 toponimoren zerrenda alfabetikoki ordenatuta eta geolokalizatuta eskaintzen ditu. Gainera, 500 argazkitik gora daude ikusgai. Sailkapenaren arabera eta testuaren arabera bilatzeko aukera dago. Azalpen dibulgatiboaz gainera, toponimoen forma dokumentalak eta ahozkoak ere erakusten ditu.