Astelehenean prentsa agerraldi ireki bat egingo dute zinegotziekin, pentsioei buruz erantzun dezaten

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 22a, 06:00

Astelehenean prentsa agerraldi ireki bat egingo dute zinegotziekin, pentsioei buruz erantzun dezaten

Hauteskundeak gerturatzen ari direla aprobetxatu nahi du Lasarte-Oriako Pentsiodunen Koordinakundeak. Badaki haietako askoren bizi baldintzak hurrengo bozetan jokatuko direla, eta indarra egin nahi dute. Izan ere, apirilaren 28an Espainiako hauteskunde orokorrak egingo dituzte, eta, maiatzaren 26an, udal eta foru hauteskundeak. Horrexegatik, hurrengo astelehenean ohiko elkarretaratzearen ordez, bestelako ekimen bat proposatu dute. Prentsa agerraldi irekia egingo dute Okendo plazan, 11:30ean, eta udal ordezkariak gonbidatu dituzte bertara. Euskal Herriko beste lekuetan ere antzeko ekitaldiak egingo dituzte. "Jasangaitza da erretiratu askoren egoera", azaldu du koordinakundeak ohar batean.

Pentsioen sistemaren inguruko galderak prestatu dituzte koordinakundekoek. Udal ordezkariek ez dute gai horri buruzko eskumenik, baina haien alderdien politikengatik erantzun beharko dute. Apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei begira antolatu dute eztabaida, baina udal ordezkariak ere azterketapean daude, hilabete geroago hautetsontzietan jokatuko baitituzte haien karguak.

KPIaren eguneraketa, pentsioen sistema publikoa blindatzea, jasangarritasun faktorea, gutxiengo pentsio duina, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak... Gai horien inguruan erantzun beharko dute zinegotziek.