Lasarte-Oriako PSE-EEk ofizialki hasi du lasterketa maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira. Joan den ostegunean hamazazpi lagunek osatutako zerrenda aurkeztu zuen Jesus Zaballosek. Jakina zen egungo alkateak karguari eusteko hautagaitza aurkeztuko duela; nortzuk babestuko duten zegoen airean. Mercero aretoan egindako ekitaldiak ikusmina piztu zuen, azkar bete baitzen gela txikia. Aldaketa gutxi batzuk, baina esanguratsuak egin dituzte sozialistek. Egungo udal taldeak jarraituko du bizkarrezurra osatzen, nahiz eta independente bakan batzuk fitxatu dituzten indartzeko. Zortzi emakume eta beste horrenbeste gizon tartekatu dituzte zerrendan.
David Mateos da horietako bat. Bosgarren postuan, Zerbitzu Publikoen arduraduna izango da, hautatua izanez gero. Berrikuntza nabarmena da: independentea, euskalduna eta gaztea. Obra publikoan ingeniari teknikoa da, eta herriko hainbat ekintzetan parte hartzen du; Texas kirol elkartean eta San Silvestrean.
Beste aurpegi berria Nagore Duran da. Independentea hura ere, Sasoeta-Zumaburuko gurasoen elkarteko kide da. Haur-hezitzailea da, eta Parte Hartzeko zinegotziaren ardura hartuko luke hautatua izango balitz. Herriko hiru ikastetxeen batzarreko udal ordezkaria ere izango litzateke.
Zerrendako gainerako toki esanguratsuak alkatearen konfiantzazko pertsonek osatzen dute, legealdi honetan zinegotzi bezala jardundakoek. Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako arduraduna eta alkateordeak bigarren tokia hartuko du; Agustin Valdivia arkitektoak Hirigintzako hautagaitzari helduko dio berriro ere, eta Maite Iglesiasek Kulturan lan egiten jarraitzeko lehiatuko du. Nuria Fernandez abokatua eta Sozio-ekonomiako zinegotzia seigarrena izango da, eta Txus Alonso Kirol eta Jaietakoa zazpigarrena.
Beste aldaketak
Edonola ere, egun zazpi zinegotzi ditu PSE-EEk. Alegia, bi zerrendakide berriak atera ahal izateko 2015eko emaitzak hobetu beharko lituzke. Udalerria 1986an eratu zenetik beti irabazi ditu bozak. Hauteskunde arrakastatsuenak 2003koak izan zituen, hamar zinegotzi atera zituenean. Ezker abertzalea legez kanporatu zuten urtea izan zen.
Zerrendaren herena berritu du denera PSE-EEk, baina gainerako aurpegi berriak bigarren zatian daude: Iñigo Zabaleta, Lourdes Palacios eta Eli Corbacho. Zabaleta da Euskara Batzorderako hautagaia, bederatzigarren postuan.
Tomasi Pelazek itxiko du zerrenda, Froilan Elesperen alargunak. ETAk orain 18 urte hildako zinegotziari omenalditxoa egiteko baliatuko dute. Zaballos: "Dena eman zuen Lasarte-Oriagatik eta sozialistengatik [Froilan Elespek]. Izan ere, bere bizitza eman zuen".
ZERRENDAKO KIDEAK
• Jesus Zaballos
• Lourdes Acevedo
• Agustin Valdivia
• Maite Iglesias
• David Mateos.
• Nuria Fernandez
• Txus Alonso
• Nagore Duran
• Iñigo Zabaleta
• Lourdes Palacios
• Fernando Cruz
• Beatriz Juez
• Manuel Carballes
• Eli Corbacho
• Jose Garcia Avila
• Iñaki Mugica
• Tomasi Pelaz