Zaila, baina ez ezinezkoa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 17a, 18:05
Beñat Negredo aurrelaria erasoan, Anaitasunaren aurkako lehen itzuliko partidan.

Liga bukatzeko bost partida falta direla, sailkapeneko azken postuan dago Ostadar SKT. Jokoan geratzen diren hamabost puntuetatik hamabi bat poltsikoratu beharko ditu maila mantendu nahi badu. Asteburuan 4-1 galdu du Anaitasunaren aurka.

Balentria handia egin beharko du Jubenilen Ohorezko Mailan lehiatzen ari den Ostadar SKTk, kategoria mantenduko badu. Liga bukatzeko bost partida falta direla, sailkapeneko azken postuan daude urdin-beltzak 22 punturekin. Salbazioa zortzira dauka uneotan, asteburuan Anaitasunaren aurka 4-1 galdu ondoren. Zaila, oso zaila, baina ez ezinezkoa. Gertatu dira gauza sinesgaitzagoak futbolean.

Asier Sanchez eta Iker Fernandinoren taldeak misio oso zaila zeukan Azkoitian. Anaitasuna oso talde gogorra da, denboraldirik onena egiten ari ez bada ere. Etxean, hala ere, sendo ari da, eta markagailuan aurreratzen bada zaila da puntuek Txerloiatik alde egitea. Hori gertatu zen larunbatean: seigarren minutuan sartu zuten gorriek 1-0ekoa. Sailkapeneko azken postuetan zaudenean, dinamika negatibo batean murgilduta, jasotako gol bakoitza labankada bat izan ohi da; sakona eta odoltsua. Ostadarrek ongi itxi zuen zauria, bi minutu beranduago sartu zuelako berdinketaren gola Victor Masa erdilariak. Atsedenaldira arte ongi aritu ziren urdin-beltzak eta berdinketa mantentzea lortu zuten.

Bigarren zatian, ekaitza

Zerua eguzkitsu zegoen larunbat arratsaldean, baina tximistek eta trumoiek hartu zuten berdegunea. Ekaitza izango balitz bezala jokatu zuen Anaitasunak, eta aterkirik gabe harrapatu zuen Ostadar. Hamahiru minutu besterik ez zituen behar izan garaipena zaku barruan sartzeko; hiru gol sartu zituen 57. eta 70. minutu artean. Ostadar saiatu zen erreakzionatzen, baina beranduegi zen. Aulkian, gainera, arma gutxi zituen partida irauli ahal izateko: hiru jokalari baino ez. 

Datorren asteburuan hil ala biziko norgehiagoka jokatuko dute lasarteoriatarrek. Zumaiakori egingo diote bisita. Kostako taldea da salbazioaren muga markatzen duena, 30 punturekin. Urdin-beltzek irabaziko balute, bost puntura jarriko lirateke. Zaila izango da bi taldeen arteko gol aldeari buelta ematea, Michelinen 1-4 galdu zuelako Ostadarrek.

Erregionalen porrotak

Ostadarren hiru talde erregionalek galdu egin dute asteburu honetan. Ohorezko Mailan lehiatzen ari den taldeak 1-0 galdu zuen Arrasaten, Leintz Arizmendiren aurka. Iñigo Sanchez eta Alex Altunak zuzentzen dituzten jokalariek ez zuten maila ona eman. Erregional Preferenteko taldea ere kaskar aritu zen Errenterian. Bigarren sailkatuarekin neurtu zituen indarrak, Touringekin, eta 2-0 galdu zuen. Etxeko taldeak zati bakoitzeko aurreneko minutuetan sartu zituen golak. Azkenik, 1. mailako Kopa jokatzen ari den taldeak 2-5 galdu zuen Irauliren aurka. Jardunaldi hau ez da onena izan Ostadarrentzat.