Lasarte-Oriako Udalak Txokoak aurkeztu ditu

Txintxarri 2019ko mar. 15a, 11:56

450 haurrek parte hartu ahalko dute Udal Txokoetan. Lasarte-Orian erroldatutako haurrek lehentasuna dute. Izena emateko epea martxoaren 25etik 29ra zabalduko dute. Internet bidez edo Antonio Mercero gunean egin daiteke. Hobariak ere izango dira

Lasarte-Oriako Udalak 2019. urteko Txokoak aurkeztu ditu. Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik eta Loiri enpresako Beñat Lopetegi eta Aratz Irigaraik azaldu dituzte udalaren Txokoen izena ematearen nondik norakoak.

Antxordokik jakitera eman duenez, aurten ere bi txanda izango dituzte; bata uztailean, eta bestea abuztuan. Txanda bakoitzean bi modalitate eskainiko dituzte; 10:00etatik 13:00etara, eta 9:00etatik 13:00etara. Garaikoetxea eta Sasoeta ikastetxeetan egingo dituzte. 450 plaza eskainiko dituzte guztira.

Izena ematerako orduan, Lasarte-Orian erroldatutako haurrek izango dute lehentasuna. Gainerakoak plaza hutsak geratzen badira eman ahalko dute izena. Salbuespen dira herriko ikastetxeetan 2018-2019 ikasturtean egon diren haur erroldatu gabeak. Horiek ere orain inskribatu ahalko dira.
Prezioei dagokionez, hiru orduko eskaintza 102 eurokoa da, eta laukoa, berriz, 137koa. Alabaina, LHko haurren kasuan, kiroldegiko bazkide ez direnek 117,60 euro edo 152,60 euro ordaindu beharko dituzte, orduen arabera.
Martxoaren 25etik 29ra Internet bidez (http://cl.sport-madness.com/udakotxokoak orrialdean), edo Mercero gunean egin ahal izango da inskripzioa, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Arduradunek jakitera eman dutenez, izena emandako hurrenkera izango da plazak esleitzeko irizpidea. Gizarte Larrialditako Laguntzak jasotzen dituzten herritarrek gainerako udal zerbitzuetan dituzten hobari berak izango dituzte. Bestalde, Udal Txokoetan seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen dutenen kasuan ere, hobariak izango dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Mercero guneko bulegora edo udaleko Euskara Zerbitzura jo daiteke, edo 644 533 270 telefono zenbakira deitu. 

Bigarren urtez antolatu ditu Euskara Zerbitzuak Udal Txokoak, iaz lehiaketa publikora atera baitzuen zerbitzua.