Musikaz gozatzeko astea

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 15a, 09:30

VII. Musika Astea martxan da kultur etxean. Hurrengo astean Easo kapera gregorianistak eta Ana Belen Garciak eskainiko dute emanaldia topaketen saio berrian

Andrea Chenier operak eman zion hasiera asteazkenean VII. Musika Asteari; lau egunez Manuel Lekuona aretoan musika izango da protagonista.
Lehenengo saioan opera zaleek denboran atzera egin zuten, asteazkenean. 1985. urtean Milango Schalan grabatutako opera ikusi zuten. Kalitate handiko bertsio horretan, Andrea Chenierren rolean Josep Carreras tenore ezaguna dago oholtzan, eta harekin batera, Eva Marton sopranoa eta Piero Cappuccilli baritonoa.
Atzo, berriz, zuzeneko emanaldiaz gozatu zuten Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren herritarrek. Josean Vega tenoreak zuzenduta, Txanbela Otxoteak euskal folkloreko doinuetan oinarritutako egitaraua eskaini zuen.
Horrez gain, etxeko txikiei eta familiei zuzendutako emanaldiak eskainiko dituzte. Gaur, ostiralez, esaterako, Demode Quartet taldeak Epa txiki! ikuskizuna oholtzaratuko du. Laukoteak umorearen eta euskal soinuen moldaketen bitartez, estilo musikal guztiek euskal musika oinarri dutela azalduko dute.
Asteari amaiera emateko, bihar, larunbata 20:00etan Katiuska zarzuela ikusgai izango da. Sasibill elkarte lirikoko abesbatza eta orkestrak Pablo Sorozabal musikagilearen lehen zarzuela eskainiko du. 1931. urtean estreinatu zuten, eta 1918. urteko Errusiar Iraultzan dago oinarritua. Amodio, traizio eta politika kontuak nahastu dituzte lan honetan. Sarrera 12 eurotan jarri dute.

Musika Topaketa
Halaber, hurrengo ostiralean, martxoaren 22an, 19:30ean, musika zaleentzako Musika Topaketen saio berria egingo dute. Ama Brigitarren komentuan, kantu eta organo doinuak izango dira nagusi. Ana Belen Garcia organo joleak Easo kapera gregorianistarekin bat egingo du. XVI. eta XVIII. mendeko doinuekin osatu dute egitaraua. Hala nola, egile ezezaguna duten Bayle del gran duque eta Variaciones sobre la gayta saioak, eta Buxtehude eta P. Corneten lanak eskainiko dituzte.