Carbayeda eta Etxeberria, Ibaeta eta Zarautzen garaile

Txintxarri Aldizkaria 2019ko mar. 12a, 10:30
Fursenko, Etxeberria eta Carbayeda Ibaetako lasterketako podiumean. Arg.: Buruntzazpi

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek errepideko denboraldia hasi dute. Asteburuan Errenteria, Donostia, Zarautz eta Azpeitian lehiatu dute. Podiumeko maila ezberdinetan izan dira taldeko txirrindulariak. Kadete mailan bi garaipen erdietsi dituzte

Buruntzazpiko kadeteek pistako denboraldia amaitu zuten bezala, hasi dute podiumean. Beñat Carbayedak eta Haimar Etxeberriak Ibaeta eta Zarauzko probak irabazi dituzte hurrenez hurren eta taldeko saria eskuratu dute bietan.

Larunbatean, Ibaetako lasterketan Beñat Carbayeda garaile izan da. Lasarte-Oriako gazteak bakarrik igaro du helmuga, ihesi egin ostean. Tropela bederatzi minutu beranduago iritsi da helmugara. Horretan lehen postuetan egoteko lehiatu da Haimar Etxeberria eta azkenik laugarren izan da. Daniel Fursenko, berriz, bigarren taldetxo batean iritsi da eta hamaseigarren izan da.

Hori amaitu eta hogeita lau ordu pasa baino lehen, Haimar Etxeberria gailendu da Zarautzeko lasterketan. Proba osoan tropela batera mantendu da eta azken metrora arte lehiatu behar izan du gazteak garaipena. Beñat Carbayeda zortzigarren izan da eta Daniel Fursenko hogeita laugarren.

Taldeko txikiek ere eman dute lehen poza larunbatean. Errenteriako lasterketan parte hartu dute Bazpiko alebin eta infantilek eta Adur Tapia infantila hirugarren izan da.

Bestalde, juniorrek ez dute zorterik izan. Euripean Asier Pozo eta Jaime Romerok parte hartu dute Azpeitiako San Jose sarian. Erorikoa jasan arren, Romerok hamabigarren amaitu du proba. Pozok, berriz, ezin izan du aurrera jarraitu.