Aimar Sukunza, Gipuzkoako txapeldun duatloi esprintean

Txintxarri 2019ko mar. 11a, 17:02

Lasarte-Oriako gazteak kadete kategorian lortu du garaipena, Eibarko duatloiean. Andoni Illarramendik bigarren egin du beteranoetan. 

Hasi berria da triatloiko denboraldia, baina ongi ekin diote Lasarte-Oriako kirolariek. Gipuzkoako duatloi txapelketa jokatu dute asteburu honetan Eibarren, eta bi domina Lasarte-Oriakoak dira. Kadeteetan Aimar Sukunza izan da garaile. Beteranoetan zilarra irabazi du Andoni Illarramendik. 

Esprint duatloia da Eibarkoa. Alegia, ia ordu beteko ahalegina. Bost kilometro korrika, 18 bizikletan, eta azken 2,5ak korrika egin dituzte kirolariek. Hasi eta buka gogor eta azkar egin behar dute. Illarramendik 54:51 minututan osatu zuen proba. Gipuzkoako bigarrena, eta bere kategorian laugarren sailkatu da. Azken zatian galdu ditu hainbat postu. 

Sukunzak 57:43ko denbora egin du. Bere kategorian bigarren helmugaratu da, baina nahikoa izan du Gipuzkoako txapela eskuratzeko. Iaz Gipuzkoako esprint triatloiko txapeldun geratu zen ere.