Ez daude hain urruti

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko mar. 10a, 16:32
Defentsa lanetan oso ongi aritu zen Garoa Taberna Eguzki.

Garoa Taberna Eguzkik itxura ona eman du kategoriako liderraren aurka, baina hori ez da nahikoa izan punturen bat poltsikoratzeko. Kalitate gehiago dauka Ordiziak gaur-gaurkoz, eta hori baliatu du Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako partida irabazteko.

Ligako partida guztiak irabazi ditu Ordiziak. Hamabi jokatu, eta 36 puntu bildu. Kalitate gehien daukan taldea da, iaz estatu mailan konpetitu zuen. Kategoria bat beherago ari da aurten, baina berez gorago egoteko maila dauka. Hori guztia kontuan hartuta, pozik egon daitezke Garoa Taberna Eguzki taldeko jokalariak. Atzo 0-3 galdu bazuten ere, itxura ona eman zuten. Ez daude hain urruti.

Ordiziarena izan zen baloiaren jabetza hasieratik, baina erasoan ez ziren ibili ohi bezain fin. Garoa Tabernako jokalariena da meritua; lan defentsibo bikaina egin zuten. Azpimarratzekoa baita ere herriko taldeko bi atezainen lana. Sekulako geldiketak egin zituzten, bigarren zatian batez ere. Ordizia bezalako taldeek badaukate ezaugarri bat. Ez zituzten erasoko jokaldi asko egin, baina jokalariak hain onak direnez, edozein da gai aurkariak driblatzen hasi eta atezainaren aurrean geratzeko. Hori egin zuten aurreneko zatian. Jokalari ordiziarrak, jaurti ordez, erabaki zuen bigarren zutoinean bakarrik zegoen taldekideari pasatzea. Azken horrek baloia sareetara bidali eta 0-1ekoa sartu zuen.

Bigarren zatian Ordiziak jarraitu zuen agintzen, eta partida hondarrean lortu zuen aldea handitzea, minutu gutxitan bi gol sartuz. Azkenean, 0-3 irabazi zuen kanpoko taldeak.

Jardunaldiko beste emaitzak

Gipuzkoako 1. mailan ari den Aldaz Hortz Klinikak sekulako martxa hartu du azkeneko neurketetan: hiru irabazi ditu segidan. Bilkoin Legorretarekin neurtu zituen indarrak ostiral gauean, eta 0-3 irabazi. Unai Ituartek, Mikel Gonzalezek eta Sevik sartu zituzten golak. Gipuzkoako 2. mailan, berriz, garaipen bikaina zakuratu zuen ISU Leihoakek. Lehen zatirako 3-0 jarri ziren aurretik. 4-1 irabazi zuten azkenean Laskorainen aurka. Castik bi gol sartu zituen; Aitor Hernandok eta Ismael Rodriguezek, berriz, bana.

Harrobiko taldeek gehiago sufritu dute asteburu honetan. Bar Lasarte Eguzkik 8-2 galdu du Herrikideren aurka. Balerdi Harategiak, berriz, 0-6 Lauburu KE Ibarraren kontra.

Erlazionatuak

Garoa Taberna Eguzki-Ordizia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 mar 09 Kirola