Bigarren postua helburu

Bigarren postua helburu
Ostadar SKTk ez zion borrokatzeari utzi partida osoan.

Liga erregularra bukatzeko bost partidaren faltan, bigarren postuan geratzea da Ostadar SKTren helburu nagusia. Liderraren aurka jokatu dute asteburuan. Urduri hasi dira, eta, bigarren zatian erreakzionatu badute ere, ez da aski izan.

Bazirudien Maialen Chourraut kiroldegiko saskiak txikiagoak zirela atzo. Ostadar SKTko jokalariei hori iruditu zitzaien behintzat. 60 puntutik gora sartzen dituzte partiduro, batez beste; atzo, atsedenaldira joan zirenean, 11 besterik ez zituzten zakuratu. Urduri hasi zuten partida, erritmo egokia topatu ezinik, eta behar baino baloi gehiago galtzen. Txintxu ISBk ez ditu horrelako opariak aprobetxatu gabe uzten. Horregatik da probintzial 1. mailako liderra. 

Liga erregularreko bi talde onenen arteko norgehiagokak ikusmira handia sortu zuen, eta kiroldegiko harmailak ohi baino beteago zeuden, Ostadarren bandera urdin-beltz eta guzti. Klubak partida ikustera joateko deialdia egin du astean zehar, eta nabaritu zen atzo arratsaldean. "Asko nabaritu genuen zaleen indarra; gozamena da giro horrekin jokatzea", nabarmendu du Ander Otaegi entrenatzaileak.

Lehen zatia: kaosa

Ostadarreko jokalariek oso urduri ekin zioten partidari. Beti bezain gogotsu, baina asmatu ezinik. Erritmo oso bizian jokatzen dute urdin-beltzek, baina lehen zatian ezin izan zuten bosgarren martxa hori sartu. Txintxu ISBk ongi aprobetxatu zituen lasarteoriatarren akatsak, eta kontraerasoan saskiratu zituen puntu gehienak. Ostadarrek baino rotazio eskasagoa zutela ikusita, aurreneko bi laurdenetan kemen handiz aritu ziren, ahalik eta abantaila gehien lortzeko asmoz. Baita lortu ere: 11-31ko emaitza erakusten zuen markagailuak atsedenaldian.

Datu bat: Ostadarrek bigarren laurdena bukatzear zela saskiratu zuen arratsaldeko lehenengo hiruko jaurtiketa. Partida irabazi balute bezala ospatu zuten zaleek. 

Bigarren zatia: susperraldia

Bazirudien partida lehen zatian bukatu zela: hogei puntuko aldea, kategoriako liderraren aurka indarrak neurtzen, eta sentsazio txarrak. Ostadar SKTk ez zuen amore eman eta suspertu egin zen. Eta nola, gainera. 17-3ko partziala sartu zien azpeitiarrei. Kantxa osora presionatu zuten, liderra estu hartuz, eta lehen zatian saskiratu ez zituzten baloiak puntu bihurtuz. Zaleen animoek ere lagundu zuten, jakina. Sei puntura jarri ziren 30. minutuan. Dena erabakitzeke zegoen oraindik.

Txintxu ISB ez da kategoriako talde onena kalitate askoko jokalariak dauzkalako soilik. Gazteak izanda ere, beteranoek bezala jokatzen dute, eta badakite itsasoa zakar dagoenean ez hondoratzen. Jokatzeko modua aldatu zuten, norgehiagoka eta aurkaria anestesiatzen saiatu, eta aurreko hiru laurdenetan lortutako abantaila kudeatu. Lortu zuten. Utzi zieten lasarteoriatarrei itsasertza ikusten, baina ez zapaltzen. Azkenean, 38-50. "Lehen itzulian antzeko zerbait gertatu zen: gaizki hasi ginen, erreakzionatu egin genuen gero baina ez zen nahikoa izan", gogoratzen du Otaegik.

Bost partidaren faltan

Liga erregularra bukatzeko bost norgehiagoka falta dira. Nahiko argi dago zein geratuko den lehenengo, atzo irabazita hiru partidako abantaila daukatelako azpeitiarrek. Ostadarren helburu nagusia bigarren postua poltsikoratzea da orain. Hirugarren sailkatuarekiko abantaila polita dauka oraindik: hiru neurketa.

Lehen fasea bukatzean hasiko dira kanporaketak. Zortzi talde sailkatuko dira: lehenengoak zortzigarrenaren aurka jokatuko du; bigarrenak, zazpigarrenaren aurka; hirugarrenak, seigarrenaren aurka; eta, azkenik, laugarrenak bosgarrenarekin neurtuko ditu indarrak. "Playoffetan talde guztiak dira maila handikoak, baina garrantzitsua da bigarren postua mantentzea, beti delako hobe zazpigarrenaren aurka jokatzea bosgarrenaren aurka baino, adibidez", azpimarratzen du Otaegik.

Erlazionatuak

Ostadar SKT-Txintxu ISB

Lasarte-Oria