Lagunartean askotan aipatu dugu euskarak baduela paradoxa linguistiko bat hutsa hitzarekin. Kafe huts bat eskatzen dugunean, esaterako, kafea oso-osorik eskatzen ari gara. Zorion hutsa dugula esaten dugunean, berriz, zorion betean gaudela. Alegia, hutsak betea esan dezake aldi berean, euskaraz.
Gaur ere, txintxarri-ko orriotan hutsuneak ageri dira. Akaso, zuon etxeetako sukaldeetan ere nabarituko zenuten hutsunerik, edo mediku kontsultara joaterakoan, klasean... Agian hutsik aurkitu duzue zuen postontzia, eta irratian ohiko goizetako magazina beharrean etenik gabeko musika saioa jarri dute. Beharbada, jangelara doazen haurrek ez dute ezer izango platerean eta zaharren egoitzetako pasiloak senideez bete dira, langilerik apenas ez zegoelako.
Pentsa hala dela. Sumatzen al duzu gizartearen erdia ez egoteak sor dezakeen hutsunea? Hausnartu al duzu nork beteko lituzkeen horiek andrerik ezean? Non gauden? Han eta hemen, nonahi. Gaur, ordea, kaleak beteko ditugu, hutsa eta hutsunea, biak ikustarazteko. Ez edukirik gabe, ordea: gerra betean gaude, eta aldarriz beteko ditugu bazterrak. Haserre gaude, amorratuta eta antolatuta. Eta bai, aurre egingo diogu, ahizpatasun hutsez.