Ardo dastatzeak antolatu ditu Aterpeak martxoan

Txintxarri 2019ko mar. 7a, 18:45

Hurrengo astean hasiko dira, asteazkenean, eta martxoa bukaeran izango da azkena. Bost tabernatan beste horrenbeste upategik egingo dituzte erakustaldiak. Enologo baten azalpenak ere jasoko dituzte bertaratutakoek. Zazpi euro balio ditu izen-emateak.

Poteoan gehien kontsumitzen den edari alkoholduna da, eta horregatik agian, jakin-min gehien pizten duena. Hain justu, gehiago jakiteko interes horrek bultzatuta antolatu du ardo dastatzea aurten ere Aterpea merkatarien eta ostalarien elkarteak. Martxoa amaitu bitartean, hainbat tabernatan upategiek beraiek ekarritako ardoa dastatu ahal izango da, enologo baten laguntzarekin. Zazpi euroren truke parte hartu daiteke dastatze bakoitzean, eta plazak mugatuak direnez, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek. Tabernan bertan egin daiteke hori.

19:00etatik aurrera
Iluntzeetan izango dira dastatzeak, 19:00etatik 21:00etara. Bodega bakoitzak aukeratuko du zer ardo eraman, baina normalean ardo onduak jartzen dituzte dastatzeko.

Aurreko esperientziak arrakastatsuak izan dira. "Jendeari asko gustatzen zaio jakitea, batez ere prozesuaren inguruan. Zenbat denbora egoten den upeletan, ardoa egiteko modua...", azaldu du Yoli Palomaresek, Buenetxea tabernakoak.

Tabernen zerrenda eta egutegia

Martxoaren 13a
• Buenetxea taberna. Olarra upategia.
Martxoaren 20a
• Isla Plaza ardoteka. Ignacio Marin upategia.
Martxoaren 21a
• Txartel kafetegia. Felix Lorenzo Cachazo upategia.
Martxoaren 26a
• Eguzki taberna. Ramon Bilbao-Goñi upategia.
Martxoaren 28a
• Primeran taberna. Ondarre upategia.