Emakumeak grebara deituta daude gaur. 24 orduz, mota guztietako lanak uztera, planto egitera. Gelditzera, dena aldatzeko. Lasarte-Oriako M8 Asanbladako kide dira Uxue Loinaz eta Inge Mendioroz. Gaurko borrokak eta helburuak azaldu dituzte egun honen bezperatan.
Lasarte Moriatik sortu zuten iaz M8ko Asanblada, eta azken hilabeteotan, egindakoari jarraipena eman diote Emakumeen Zentro Zibikoan elkartuta. Herriko elkarte eta eragile ugari barnebiltzen ditu taldeak, emakume anitzek osatzen dute: "Pentsiodunak, guraso elkarteak, Kukuka, Oriarte institutua, Ttakun, Kuadrillategiko batzuk, Atsobakar...", zerrendatu ditu Mendiorozek.
Modu deszentralizatuan antolatu dute greba. M8 Asanbladak koordinatu du, baina beste haren barruan beste talde batzuk sortu dira ere. Mendiorozen ustez, iazkoa aldaketa eta ilusio handia izan zen emakume askorentzat, bestela mobilizatzen ez direnak ere batu zitzaizkien. Bereziki, gaztetxoen jarrera nabarmendu du. "Asanblada sortu dute institutuan, eta neska guztiak zeuden bilerak egin". Ez dira, ordea, gogotsu dauden bakarrak "Giroa bero ikusten dugu".
Bost ardatz ditu grebak: zaintza, enplegua, kontsumoa, ikasleak eta pentsiodunak. Horien baitan dihardutenengana joan dira, denek presentzia izan dezaten. Zaintza erdigunean jarri dute, haien berrantolaketa eskatzeko. Ikusgarri egin nahi dute, batetik, soldatapean lan horiek egiten dituztenen egoera. "Atsobakarren-eta dabiltzanek zer prekarietatetan lanean ari diren, inolako baliabide gabe, langile gutxi..."; eta bestetik, "doan, emakume askok eta askok egiten dituzten etxeko lanak, haurren zaintza, helduen zaintza...". Baita sarri emakume arrazializatuak direla ere, "ez da kasualitatea horiek ere are eta zapalduago egotea genero, klase eta arraza baitan".
Kalea "okupatu"
Egoera hori izanda, badakite askok zailtasunak izango dituztela lana uzteko, bereziki, haurren eta adinekoen zaintzari dagokionean. "Horrek erakusten du gizonek lan horiek hartzeko dagoen gabezia. Arazo, gabezia edo arduragabekeria", zehaztu du Loinazek. Hain zuzen ere, hori izan daiteke gizonen ekarpena gaur. Norberaren aferetarako baimena eskatu, eta zaintza beraien gain hartu edo modu kolektiboan gauzatzeko antolatu. "Zaintza egiten parte har dezakete. Greba gurea da eta beraiek bete behar dituzte guk utzitako hutsuneak. Orduan ikusiko dugu zer falta dauden", argitu du Mendiorozek.
Kalean ikusaraziko dute hutsune hori. Oihartzuna izan eta greban daudela ikustarazteko, karabana batek zeharkatuko du herria, 11:30ean hasita. Ondoren, kalejira feminista egingo dute 12:30ean. Ardatz bakoitzeko aldarrikapenak ezagutarazteko geldiunea egingo dute: Atsobakarren, Lanbide eta Eroski parean, Oriarte-Landaberri eraikinean, eta Okendon. Kaleetan barrena ibili ondoren, Kale Nagusia "okupatuko" dute, modu sinbolikoan "herria hartzeko".
Kontsumo greba kontuan izanda, bazkari autogestionatua egingo dute Okendon. Hau da, norberak berea ekarrita. Bazkalostean Oriarteko ikasleek zein irakasleek prestatu duten idatzi bat irakurriko dute. Kukuka taldeak, berriz, emakumeek bizi dituzten zapalketen inguruko performance egingo dute. Eguna modu zaratatsuan amaituko dute balkoietatik kazerolada eginda.
Udalak elkarretaratzea deitu du 12:00etan. Egitaraua moldatu dute "ez zapaltzeko", baina ez dute babestuko. "Ez dugu harremanik izan".